Zakilixutek 40 urte bete ditu

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 29a, 09:21

 

 

Gaur, San Miguel egunez, 40 urte beteko ditu Zakilixutek. Azalpen handirik behar ez duen pertsonaia. Euskal imaginario kolektiboan txoko propioa lortu duena.

Antton Olariaga Zakilixut tira komikoari lotuta egongo da betiko. Baina  usurbildarraren ibilbidea askoz oparoagoa da. Ilustrazioak, diseinu lanak, posterrak... Asko dira egiten dituen lanak. Atzo bertan, Landareak lantzen (Argia) gida-liburua aurkeztu zuen Jakoba Errekondorekin batera. Bideo honetan dituzue prentsaurrekoan adierazi zituenak.

“Koadernoa ideiez beteta daukat”

Egunerokoak dakarren loturari ez dio beldurrik. “Koadernoa ideiez beteta daukat”, Antton Olariagak halaxe aitortu zigun udaberri partean egin genion elkarrizketan. “Bihar zer egingo duk? Ba al dakik? Askotan galdetu didate. Ez dut kezkarik. Ideia asko ditut”. Eta iturria amaigabea da. “Hernanitik Donostiara autobusean etortzearekin nahikoa duzu; segapotoarekin aldamenekoak dituen elkarrizketak entzutearekin”. Kalea ere, pizgarri handia da marrazkilariarentzat. “Nahikoa da kafetegian eseri eta paisaia humanoari begiratzearekin”. Adierazpenok pasa den udaberrian egin zizkigun, Itzal zaunka (Elkar) disko-liburua Usurbilen aurkeztu zutenean.

Eguneroko situazioak, inspirazio iturri

Aurreko batean, aitonak ondo margotzen dituela aipatu zion lagun batek. Situazioa ere marraztu zion: “aiton batek besteari esaten dio, urteak aurrera bai, baina gero eta baldintzatuago, eta gero eta kondizio gutxiagorekin”. Tira komikoa berez dator. “Esaldi horrek joko asko eman dezake”, Antton Olariagak zehaztu digunez. “Dozena erdi bat egin daitezke baldintza eta kondizioaren arteko borroka horrekin”.

Bide luzea du, hortaz, Zakilixutek tira-komikoak.