Prest, labetik ateratzear dute. Jendaurrean, zaletu nahiz ekitaldira animatzen den herritar ororen aurrean aurkeztuko du Odolaren Mintzoa Usurbilgo musika taldeak, "Etsipenaren aurka" disko berria. Ostiral honetan, irailaren 29an, arratsaldeko 19:00etan Sutegiko auditorioan. Aurkezpen kontzertua izango da. Honenbestez, disko berriko xehetasunak ezagutzeaz gain, abesti berriak ere entzun ahalko ditugu kultur etxeko auditorioan.
Aurrerapen gisa, albiste honi atxikia duzuen ondoko bideoko abestia plazaratu dute azken orduotan sare sozialen bidez; "Gogoratu".
"Min(a)bizi", abestien artean
Luken Arkarazo, Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka laukoteak disko berriko beste abesti bat ere ezagutzera eman du udan. Zubieta, Urdaiaga, Urruña edota Egiako Porrontxo jaietan barrena egin duten birari ere izena eman dio "Min(a)bizi", erraustegiaren aurkako kanta. Ekainean zehar hainbat herritarren laguntzaz grabatu zuten abestiaren bideoklip hau:
https://youtu.be/DOJHJs_g38U
Etsipenaren aurka. Izenburu hori ipini diote diskoari. Eta hein handi batean, hori da taldeak aldarrikatu nahi duena. “Disko honen helburua horri kontra egitea da, eta horri aurre egiteko aukerarik badagoela adieraztea”, Luken Arkarazok azaldu digunez.
NOAUA! Udaberrian Min(a)bizi bideoklipa aurkeztu eta biratxo bat iragarri zenuten. Nola joan dira udako emanaldi horiek?
Luken Arkarazo. Oso ondo. Diskoa grabatuta genuen ordurako. Maiatzean argitaratzeko asmoa genuen baina denboraz gaizki ibili ginen.
Erraustegiaren aurkako kantua, hortaz, aurrerapen modukoa izan zen.
L. A. Hori da. Diskoko kantuen grabazioa otsailean amaitu genuen. Eta tartean, erraustegiaren inguruko kantu hori zegoen. Gaia pil-pilean zen, eraikuntza lanak hasi ziren eta hori dena salatu nahi genuen. Abesti motza da, dinamikoa, eta bideoklip bat egitea erabaki genuen.
Joanes Txueka. Aldi berean, udari begira zerbait aurreratu nahi genuen.
Jokin Irastorza. Grabatuta genuenez eta diskoaren plazaratzea udazkenera arte atzeratuko zela ikusi genuenez, Min(a)bizi bideoklipa aurreratzea erabaki genuen.
Udaberri mugitua izan zenuten. Bideoa grabatzeaz gain, Gaztea Maketa Lehiaketan finalera iritsi zineten.
L. A. Diskoko kantuak bidali genituen Gazteara.
J. T. Kantuak grabatuak genituen eta probatzeagatik aurkeztu ginen. “Epaimahaiari gustatzen bazaizkio, ba ondo”, gure artean. Baina ez ginen sare sozialetan boto eske ibili. Horrelakoetan, botoa ematearen asuntua ilun samarra izan ohi da-eta.
Finalari esker, Bilbon jotzeko aukera izan zenuten. Eta publiko berri batera iristeko aukera, akaso?
L. A. Kafe Antzokian jende dezente zegoen. Azkenean agertoki bat da, eta beste publiko baten aurrean jotzeko aukera eskaintzen dizu. Gainera streaming bidez eskaini zuten.
J. T. Promozioa egiteko balio izan zuen. Gaztean elkarrizketa egin ziguten, Euskadi Irratian ere bai. Horrelakoek zabalkundea ematen diote taldeari.
Jokin Irastorza: “Urte konpletoa izan da”
NOAUA! Oso urte mugitua izan da hau. 2017a izan al da taldearen urte garrantzitsuena?
L. A. Kontzertu gehien joko dugun urtea izango da. Hori seguru.
J. I. Urte konpletoa izan da. CDa grabatu, Gaztea Maketa Lehiaketan finalera iritsi, kontzertu pilo bat jo...
Taldeak gero eta oihartzun handiagoa duela esan daiteke.
J. I. 2013an lehen diskoa atera genuenean ere, “Mirabe” bideokliparekin nahikoa oihartzuna lortu genuen.
L. A. Sarean gehien bat. Zuzenekoetan, aldiz, jendea zure fan handia da edo bere etxe azpian jo behar duzu. Bestela ez da emanaldietara erraz hurbiltzen. Une hau klabea izango da. Disko honek markatuko du gure etorkizuna.
J. T. Datozen bi urteak disko honen arabera joango dira.
"Guztia analogikoan grabatu dugu"
NOAUA! “Etsipenaren aurka” diskoaren grabazioa beraz, urte hasieran amaitu zenuten.
Luken Arkarazo. Abendua eta otsaila bitarte grabatu genituen kantuak, Andoaingo Garate estudioan.
Eta nola joan zen?
Jokin Irastorza. Oso ondo. Nahikoa bizi. Oinarriak segituan grabatu genituen.
L. A. Guztia analogikoan grabatu dugu. Hori da lan honek duen bereizgarri nagusiena. Modu horretan grabatzeak ukitu berezia ematen dio diskoari, batez ere ahotsari. Gertutasun moduko bat.
Unai Aranaren portadan bi beso ageri dira, eskuko telefonoari lotuta. Hein handi batean, hala bizi gara denak. Sareari konektatuta.
L. A. Diskoan ez da sareaz hitz egiten. Gaur egun bizi ditugun egoerez ari gara. Badirudi ilusiorik gabeko garaiak direla hauek. Arazo txiki-handi horiei pisua kentzeko asmo bat dago.
Gogoratu kantuan, prekarietateaz edota hasi berriaren patuaz mintzo zarete.
L. A. Kontzientzia kritiko horren faltaz ari gara kantu horretan.
Joanes Txueka. Portadan eskuko telefonoak agertzen dira, besoak ere bai, baina pertsonak falta dira. Ez dago pertsonarik. Aulkiak hutsik daude. Hor hutsune bat dago.
Ez ote garen tresna bihurtu. Iradokizun hori ere egin dezake azalak, ezta?
J. T. Hori da. Eta ez ote diogun hausnartzeari utzi.
L. A. Harremanetan, aurrez aurreko galera totala. Baita ligatzeko orduan, adibidez.
J. I. Eta baita sentimenduak adierazteko garaian ere.
L. A. Ekonomikoki gauzak gaizki daude, politikoki blokeo egoeran gaudela ematen du... Egunero hori jasotzen dugu komunikabideetan eta badirudi depresio egoera batean bizi garela. Disko honen helburua da horri kontra egitea, eta horri aurre egiteko aukera badagoela adieraztea.
Irailaren 29an egingo duzue aurkezpen ekitaldia. Sutegin, arratsaldeko 19:00etan. Nolakoa izango da? Zerbait aurreratzerik?
L. A. Lehenbizi, diskoari buruzko azalpen bat eskainiko dugu. Eta jendeak galderarik badu, horiek ere argituko ditugu. Eta ondoren, diskoko hiruzpalau kantu joko ditugu.
Sorpresaren bat ere izango da egun horretan. Baina hori Sutegin bertan iragarriko dute.
“Bi aurpegi ditu diskoak. Bat melodikoagoa, bestea gogorxeagoa”
NOAUA! Gogoratu kantua plazaratzearekin batera, diskoaren argitaratze eguna iragarri zenuten. Gitarra psikodeliko bat entzuten da abesti horren hasieran. Akaso badago beste intentzio bat intro horretan. Dena den, kantuak Odolaren Mintzoa taldearen betiko ezaugarriak ditu, ezta?
J. I. Kantu guztiek dute Odolaren Mintzoaren nortasuna. Baina oraingoan uste dut kantu landuagoak egin ditugula. Melodikoagoak.
L. A. Aurrerapen kantu gisa aukeratu dugu Gogoratu, aurreko diskoaren ildotik datorrelako. Jendeak ikus dezan taldea bueltan dela. Baina diskoan aurrera eginez gero, ikusten da beste ukitu bateko kantuak ere badirela. Tempo erdikoak, landuagoak, melodikoak...
J. T. Gitarrak landuagoa dira. Melodiak ere bai. Erritmoarekin ere gehiago jokatu dugu.
L. A. Bosgarren kantutik aurrera beste fase bat hasten da. Hard core eta metal kutsukoak dira.
J. T. Bi aurpegi ditu diskoak. Bat melodikoagoa eta bestea gogorxeagoa.
“Gauzak egiteko beste modu bat dagoela erakutsiko dugu”. Gogoratu kantuan, hain zuzen, antzeko zerbait diozue. Oihuka diskoetxetik auto-ediziorako egin duzuen aldaketa azaltzeko ere balio dezake esaldi honek, ezta?
J. T. Lehen diskoarekin errazera jo genuen. Dena Oihuka diskoetxearen esku utzi genuen eta horrek bere alde onak eta bere alde txarrak ditu. Iristen diren tokietara iristen dira beraiek, eta gauzak asko errazten dituzte. Baina konformismo batean erortzen zara. Euren esku uzten duzu eta dena eginda etorriko dela pentsatzen duzu. Eta ez da horrela. Baina ez dugu inolako kexurik Oihukarekin.
L. A. Orain ikusi dugu zer suposatzen duen disko bat plazaratzeak. Orain jabetu gara benetan.
Dena delegatu genuen duela lau urte. Orain, pausoz pauso, lan denak guk geuk bideratu ditugu. Gauzak egiteko beste modu bat da hau. Lan gehiago suposatzen du baina satisfakzioak ere handiagoak dira.
Diskoa, jada salgai
CDa: Usurbilen, ohiko salmenta puntuetan.
Digitalean: Itunes, Amazon eta sareko beste hainbat plataformetan.
“Etsipenaren aurka”, aurkezpen bira
- Irailak 29 ostirala, Sutegin aurkezpen ekitaldia. 19:00.
- Urriaren 6an ostirala, Sasoetako festetan (Lasarte-Orian).
- Urriaren 7an larunbata, Aginagako festetan.
- Urriaren 14an larunbata, Tolosako Bonberenean Rukularekin batera.
- Urriaren 21ean larunbata, Andoaingo gaztetxean (Errausketaren Aurkako Egunean).
- Azaroaren 3an ostirala, Orioko gaztetxean.
Argazkia: Ibai Arrieta.