Kataluniaz eztabaida bizia, azken udal osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 29a, 18:04

Baiezko edo ezezkoen aldeko mezuek girotu behar lukete erreferendum baten atariko kanpaina. Ez da ohikoa edo ez luke izan behar, ezezkoaren aldekoak erreferenduma eragotzi nahian ikustea eta baiezkoaren aldekoek erreferendumaren zilegitasuna eta herritarren erabakitze eskubidea defendatu beharrean aurkitzea.

Panorama hauxe dute ordea une honetan Katalunian. Urriaren 1eko erreferenduma ospatu aurreko asteetan, baiezko edo ezezkoaren alde daudenen argumentuak entzun ordez, erreferendumaren aurka daudenen aldetik oinarrizko eskubide hainbat urratu dira indarrez atxiloketa, miaketa eta abarrekin. Legezkotasuna baliatu nahi izan dute, etorkizunaz erabaki nahi duen herri katalanari bozka ematea galarazteko. Orain artean behintzat ahalegina alferrikakoa izan dute halere. Kataluniako herria urriaren 1ean independentziaz bozkatu eta hitza hartzeko prest da jada.

Halere, lataluniarren erabakitze eskubidearen eta erreferendumaren legaltasunaren inguruan oraindik indarrean den eztabaidaren isla argia izan zen pasa den astearteko, irailaren 26ko Usurbilgo Udalaren osoko bilkura ere.

“Ez da zilegia indarrez legea inposatzea”

Kataluniarekin eta demokraziarekin bat egiten zuen mozioa onartu zuen udalbatzak. Bozketa aurretik, gaiak eztabaida piztu zuen udal taldeen artean. EHBildutik munduko edozein herrik libreki erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzen zuten, “ez da zilegia indarrez legea inposatzea herritarren borondatearen aurka”, zioen Xabier Arregi alkateak.

PSE-ko udal ordezkariak ezetz, Kataluniako erreferenduma ospatuko balitz, huts egingo litzatekeela, “legearen aurkakoa delako”. Fermin Orueren esanetan, katalanek “ez dute Estatuta errespetatu, Parlamenteko arauak ez dituzte errespetatu”.

Erreferenduma ospatzekotan Madrilek legedia aldatu beharko lukeela, ordura arte ezingo litzatekeela Kataluniako herriari hitza eman zioen, eta ez zuela sinesten erreferendumaren benetako helburuan. “Ustelkeria kasuak estaltzeko nahi dute independentzia”, zioen PSE-ko zinegotziak.

Posizionamendu honekin ez zetozen bat gainerako udal taldeak. Erabakitze eskubidearen alde agertu ziren, bozketa garaian mozioa babestu zuten EHBildu eta EAJ-ko ordezkariak. Kataluniaren etorkizunerako aukera guztien zilegitasuna defendatu zuten, independentzia barne, eta baita honi buruz herritarrak galdekatu ahal izatea ere.

“Herritarren mandatua ari dira betetzen”

Legaltasunaren inguruko eztabaidari dagokionez, gai honek ñabardura asko dituela aipatzen zuen alkateak baina argi defendatzen zuen Kataluniako prozesuari legaltasuna hango erakundeek eman diotela. Alaitz Aizpurua zinegotziak zioen moduan, “erabakiak demokratikoki eta gehiengoz hartu dira”. Eta Jone Urdanpilletak gaineratu zuenez, “herritarren mandatua ari dira betetzen” ordezkari politiko katalanak. Zilegitasun osoa du EHBilduko ordezkarientzat Kataluniako prozesuak eta ezin zaie jorratzen ari diren bidea eragotzi.

Kataluniaren erreferendumaren inguruan dagoena, borondate arazo handi bat dela zioten. EAJ-ko bozeramaile Josune Urkolak ere, 2005ean Juan Jose Ibarretxe EAE-ko lehendakaria zela, Madrilgo Diputatuen Kongresura joan zeneko garaia ekarri zuen gogora. Legaltasunaren ikuspuntutik, aldez aurretik Gasteizko Legebiltzarrak gauzak ondo egin zituela oroitarazi zuen, eta halere ezezko borobila jaso zela Madriletik. Ildo horretatik zioenez, “Katalunian gauzak beste era batera egin izan balituzte ere, erantzun bera jasoko zuten” espainiar estatuaren aldetik. “Hitz egiteko ere ez dute borondaterik”, zioen EAJ-ko udal ordezkariak estatuko agintariei buruz.

Irtenbidea bakarra, politikoa

Horregatik zioen alkateak, ezinbestean, Kataluniari “prozesu hau beste modu batean eramateko aukerarik ez zaio eman”. Quebec edo Eskoziaren adibideak aipatu zituen, herriotako erreferendumak estatuen onespenekin ospatu zirela gogorarazteko. Eskoziaren kasuan ezezkoak irabazi zuen, baina halere, alkatearen esanetan, “garaipen politikoa izan zen. Zilegitasun osoz, modu librean bozkatu zuten”.

Quebec eta Eskozia aipatuta, “zergatik ez halako zerbait Katalunian eta Euskal Herrian?”, galdetzen zuen alkateak. Espainiar estatuak gai honetan duen arazo nagusia agertu nahi izan zuen. Estatu espainiarrak nazioek eskubideak dituztela aitortzen ez duen artean, arazo politiko honek bizirik segiko duela aurreikusi zuen. Eta irtenbidea bakarra behar du izan udal gobernu taldetik ziotenez; konponbide politikoa.

Udalbatza osoa zerbaitean bat zetorren. Biziki baina tonu onean eztabaidatu arren, elkarrizketarako dagoen beharra. “Ona da hitz egitea, Euskal Herrian ere premia badugu”, zioen alkateak.

Mozioa

Kataluniarekin eta demokraziarekin bat egiten zuen mozioa onartu zuen udaltzabak gehiengo osoz astearteko osoko bilkuran, EHBildu eta EAJ-ko udal ordezkarien aldeko bozkekin. PSE-ko udal ordezkaria aurka agertu zen bakarra. Mozioak honela dio: