Usurbildarrak, Gure Esku Dagoren Bilboko milaka manifestariren artean

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 30a, 20:55

Lehen datuen arabera, 31.000 bat lagunek bat egin dute larunbat arratsalde honetan Gure Esku Dago mugimenduak Bilbon deitu duen manifestazioarekin. Jendetza bildu du bigarrenez hamabost eguneko tartean, Kataluniako erreferendumari babesa adierazi dion hitzorduak. "Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna" aldarripean Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatu dituzten milaka manifestariren artean ziren ondoko irudiko usurbildarrak ere. Bilborantz autobusez abiatu aurretik honako talde argazkia atera dute Oiardo Kiroldegian.

Inoizko babesik zabalena jaso du Gure Esku Dago mugimenduak deitutako mobilizazioak. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, ELA, LAB, Steilas, EGI, Ernai, Gazte Abertzaileak, Alternatiba Gazteak, Euskal Gazte Moreak, Independentistak eta ANC-EH. Eragile guztiona.

Denek bat egin dute Kataluniarekin, katalanekin, biharko deitua duten erreferendumarekin, erabakitze eskubidearekin, demokraziarekin. Ondoko bideoan duzue, Gure Esku Dagok manifestazioko irudien laburbilduma, argitara eman eta albiste honi atxikia duzuen bideoan.