Katalunia erreferendum egun betean da. Hitza hartzeko, etorkizunaz erabakitzeko egun handia dute gaur katalanek. Denetariko irudiak heltzen ari dira Kataluniatik. Une honetan kezkagarriena, polizia espainiarrak zauritu dituen ia 500 lagunen osasun egoera. Haietatik hainbat lagun egoera larrian dira.
Halere, oztopo guztien gainetik, espainiar poliziak indarkeria baliatuz, bortxaz isilarazi nahi dituen ehunka mila katalan bozkatzen dabiltza.
Kataluniaren etorkizunaz erabaki dutenen artean dugu, aspalditik Katalunian bizi den usurbildar bat; Imanol Zubeldia. Familian bozkatu du Imanolek, Mollet del Vallesen, berak helarazi dizkigun irudiotan ikus dezakezuenez. Atzetik jende ilara zuten, denak ere hitza hartzeko gogotsu.
Beste lagun bat; Ibai Gomez. Lasartearra bera, baina Usurbilen, Udarregi Ikastolan hazi eta hezia. Banyolesen bizi da bera duela 3 urtetik. Erreferendum egun honetan, goizean goizetik bolondres bezala lanean aritu da Banyoleseko eskola batean. NOAUA!ri azaldu dionez, beste hainbat lekutan bezala erreferenduma eta Katalanen bozkatzeko eskubidea babesteko jendetza batu da eskola horretan.
Esquadra mosso pare bat gerturatu zaizkie goizeko lehen orduan, gunea husteko eske. Bertan zirenak eskolatik irteteari uko egin diote. Arduradunarengatik galdezka eta nortasun agiri eske hasi zaizkie eta bertan zirenak, denek zirela arduradun erantzun. Azkenean bakean utzi dituzte eskola honetan zirenak. Orain artean behintzat ez dute bestelako arazorik izan, baina adi egongo dira badaezpada iluntzera arte. Ibaiek azpimarratu digunez, ilusio eta emozio handiz bizitzen ari dira eguna. Jendea alai eta giro ederrean hurbiltzen ari da bozkatzera. Eta kontatu digunez, bizitzen ari diren egoera bidegabeak eraginda, azken orduan erreferendumarekiko posizionamendua aldatu dutenak ere badira, erreferendumean parte hartu eta independentziari baietz esan diotenak.
Eskolan zainketa lanetan parte hartzeaz gain, bozkatu ere bozkatu du Ibaiek Banyoleseko hauteslekuetako batean. Ondoko irudian duzue bozka hautetsontzira sartu duen unean.
Mobilizazioa 18:00etan
Gogoan izan, kataluniarrei elkartasuna adierazteko biltzeko deia egin du Gure Esku Dago Usurbilek gaur 18:00etan Mikel Laboa plazan. Bestalde 22:00etarako kazeroladak deitu dituzte sare sozialen bidez, Euskal Herri luze zabaleko herri guztietan.