Ezohiko burrunba entzun dugu, ezohikoa dugun igande gau honetan. Kazerolada burrunbatsua egin berri dute usurbildarrek Kaxkoan barrena, "Demokrazia" aldarripean. Soinua eragiten zuten denetariko objektuak eskuetan zirela parte hartu du herritar mordoak, Kataluniari elkartasuna adierazi eta demokrazia defendatu den hitzordu inprobisatuan.
Kazeroladan zehar, burrunba horretara batu dira etxean ziren hainbat herritar ere. Hainbat usurbildar irten baitira balkoietara kazerolada honekin bat egitera. Hasitako leku berean, Mikel Laboa plazan amaitu da mobilizazioa, txalo artean.
Sare sozialetatik, plazara azkar batean
"Indarkeriaren, errepresioaren eta inposizio espainiarren aurka. Demokraziaren defentsan. Kataluniarekin elkartasunez" aldarripean, arratsaldeko lehen orduan Euskal Herri luze zabaleko herri guztietan Kataluniaren eta demokraziaren aldeko kazeroladetan parte hartzera deitzen hasi dira herritarrak sare sozialen bidez.
Izugarrizko oihartzuna izan du deialdiak. Usurbilen, Gure Esku Dagok arratsaldean urgentziaz deitu duen elkarretaratzean hitzordu honekin bat egingo zuela iragarri du, eta Euskal Herriko gainerako herrietan bezala, gaueko 22:00etan usurbildarrak Mikel Laboa plazara gerturatzera gonbidatu ditu, kazeroladan parte hartzera.
https://youtu.be/mbA5GHxm5tw
https://youtu.be/WBKOEiAlGrw
https://youtu.be/ncIX33HzGvo
https://youtu.be/Qe4V1iqPtFA