Usurbildarrak Kataluniako erreferendumean lagundu edo bozka ematen

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 2a, 12:48

Milaka euskaldun joan dira asteburuan Katalunia aldera. Tartean ziren baita hainbat herritar ere. Elkartasuna modu aktiboan adieraztera joan dira asteburuan Udalbiltzako 100 bat hautetsi Kataluniara. Ikuskatzaile gisa jardun zuten atzoko erreferendum egunean. Tartean usurbildar bat; Alaitz Aizpurua Labaka zinegotzia. EHBilduko udal ordezkari eta Udalbiltzako egungo lehendakari ordeak NOAUA!ri adierazi dionez, Gironako hautesleku batean eman zuten egun osoa. Katalanen antolaketa eredua goraipatu digu Alaitzek. Goizeko lehen ordurako, hauteslekuak irekitzerako jada giza harresi bat altxata zuten katalanek.

Beste zenbait hauteslekurekin alderatuta, ez zen istilurik izan, baina giroan bazen polizia espainiarra bertaratuko zen beldurra. Eta eragin zuzena izan zuen eguneko funtzionamenduan. Alaitz eta Udalbiltzako kideak izan ziren eskola esaterako, ohi baino lehenago, arratsaldeko 18:30ak aldera itxi beharrean aurkitu ziren. Elkartasuna nagusi egun osoan, baita une horretan ere. "Ordurako beste eskoletako errefortzuak guren ziren eskola babesten", adierazi digu Alaitzek. Astelehen eguerdi honetan deitu diren elkarretaratzeetan parte hartu berri dute Udalbiltzako kideek.

Bozka ematen

Atzo Kataluniaren etorkizunaz erabaki zutenen artean dugu bestalde, aspalditik Katalunian bizi den usurbildar bat; Imanol Zubeldia. Familian bozkatu zuen Imanolek, Mollet del Vallesen, berak helarazi dizkigun beheko irudiotan ikus dezakezuenez. Atzetik jende ilara zuten, denak ere hitza hartzeko gogotsu.

Beste lagun bat; Ibai Gomez. Lasartearra bera, baina Usurbilen, Udarregi Ikastolan hazi eta hezia. Banyolesen bizi da bera duela 3 urtetik. Atzoko erreferendum egunean, goizean goizetik bolondres bezala lanean aritu zen Banyoleseko eskola batean zaintzaile lanetan. NOAUA!ri azaldu dionez, beste hainbat lekutan bezala erreferenduma eta Katalanen bozkatzeko eskubidea babesteko jendetza batu zen eskola horretan ere. 

Esquadra mosso pare bat gerturatu zitzaizkien goizeko lehen orduan, gunea husteko eske. Bertan zirenak eskolatik irteteari uko egin zioten. Arduradunarengatik galdezka eta nortasun agiri eske hasi zitzaizkien mossoak eta bertan zirenak, denak zirela arduradun erantzun. Azkenean bakean utzi zituzten eskola honetan zirenak. Adi izan ziren badaezpada iluntzera arte, polizia espainiarra bertaratuko zen kezkatuta. Ibaiek azpimarratu digunez, ilusio eta emozio handiz bizi izan zuten atzoko eguna. Jendea alai, gogotsu, hunkituta eta giro ederrean hurbildu zen bozkatzera. Eta kontatu digunez, bizitzen ari diren egoera bidegabeak eraginda, azken orduan erreferendumarekiko posizionamendua aldatu dutenak ere izan ziren atzokoan, erreferendumean parte hartu eta independentziari baietz esan ziotenak. 

Eskolan zainketa lanetan parte hartzeaz gain, bozkatu ere bozkatu zuen Ibaiek Banyoleseko hauteslekuetako batean. Ondoko irudian duzue bozka hautetsontzira sartu zuen unean.