Hitza hartu eta etorkizunaz erabaki nahi zuten katalanen aurkako estatu indarkeria salatu eta Kataluniako herria babesteko kalera irteteko eguna izan zen atzokoa. Azken orduan antolatu ziren bi mobilizazio jendetsu egin ziren Usurbilen. Bart, ezohiko burrunba eragin zuen, Usurbil erdigunea zeharkatu zuen kazerolada jendetsuak. Euskal Herri luze eta zabalean, herri guztietan deituak zeuden
Lehenengoa, arratsaldeko 18:00etan frontoian Gure Esku Dago Usurbilek deitutako elkarretaratzea. Estelada artean, animuak helarazi eta estatu indarkeria salatu zuten, sare sozialen bidez Euskal Herriko herri guztietan "Indarkeriaren, errepresioaren eta inposizio espainiarren aurka. Demokraziaren defentsan. Kataluniarekin elkartasunez" deitu ziren kazeroladek. Manifestazioak zeharkatu zituen kaleen bueltan, hainbat etxebizitzetan ere balkoietara aterata herritar mordoak parte hartu zuen kazerolada burrunbatsuan.
Besarkadak eta eskerrak Kataluniako herriari
Atzoko Kataluniako erreferendum egunean zehar deitutako kazerolada honekin bat egin zuen, aldez aurretik arratsalde partean frontoian, demokraziaren defentsan eta Kataluniaren alde elkarretaratzea deitu zuen Gure Esku Dago Usurbilek. Bart gaueko kazerolada bezala, azken orduan eta urgentziaz deitutako mobilizazioa izanik, jendetsua izan zen elkarretaratzea. Estelada artean, katalanak jasaten ari diren errepresioa salatu eta Kataluniako herriari babesa adierazi zioten.
GURE ESKU DAGOREN ADIERAZPENA
DEMOKRAZIA
Gaur ezin genuen etxean geratu. Ezin genuen komunikabideetatik eta sare sozialetatik Kataluniatik jasotzen ari garen irudi lazgarrien aurrean, ezer egin gabe geratu. Lotsaren irudiak eta duintasunaren irudiak, parez pare, berriro ere. Katalunia ehunka kilometrora egon arren, euren alboan gaudela adierazteko premia sentitu dugu. Ozen esan nahi dugu, gu ere Som Catalunya, gu ere Katalunia gara. Irits dadila gure berotasuna eta elkartasuna eta txalo zaparrada hau Kataluniako kaleetara, hautes guneetara, hautetsontziak babesteko egiten ari diren herri harresietara, itxialdieetara, botoa emateko zain dauden ilara luzeetara. Animo eta eutsi lagunak.
Eta, nola ez, eskerrik asko Katalunia. Espainia berriz ere bere historiaren orrialde ilunenak berridazten ari den bitartean, kataluniarrak herri libre bateko historiaren lehen orrialdeak idazten hasi direlako gaur. Duintasunez. Horregatik, doakie hemendik gure miresmena ere. Miresmena, berriz ere, herri gisa erakusten ari diren duintasunagatik. DUINTASUNA, hizki larriz idatzita.
Duintasuna eta determinazioa. Espainiako Estatua erabiltzen ari den bortizkeria itzelaren gainetik, euren etorkizuna erabakitzeko erakusten ari diren determinazioarengatik.
Ausardia, ilusioa, itxaropena. Diogun bezala, laster herritar libre eta zoriontsuak izango direlako Katalunia libre batean.
Ez baitago munduan herri baten nahia, borondatea eta askatasun egarria ito dezakeen indarkeriarik, poliziarik, borrarik, tankerik, giltzarraporik. Gaur Katalunia, atzo baino askeagoa baita. Jipoi, okupazio, jazarpen, errepresio eta basakeria guztien gainetik, euren etorkizunaren jabe egin direlako.
Baina, amorrua, nazka, inpotentzia ere sentitu ditugu. Gaurkoa Estatu indarkeria izan delako. Estatu indarkeria bere dimentsio osoan. Espainiako Estatuak bere benetako izaera zein den azaldu duelako. Mundu osoaren aurrean argi geratu baita ezarri duten salbuespen egoera.
Gaur demokrazia pikutara bota dutenen aurrean, demokrazia eraikitzen ari baitira kataluniarrak. Independentziara iristeko, demokraziaren bidea ari baitira jorratzen: hautetsontziekin eta boto paperekin. Baina, batez ere, ilusioarekin. Ilusioarekin eta determinazioarengatik.
Gaur ez baitago soilik Kataluniaren etorkizuna jokoan. Gurea ere badago. Gure oinarrizko eskubideak ere jokoan daude. Oinarrizko askatasun demokratikoak, eta herri gisa dagozkigunak. Gu ziur gaude hemen ere badagoela nahikoa indar eta determinazio antzeko bideari ekiteko. Izan ere, Kataluniari erakuts diezaiokegun elkartasunik onena gure bideari ekitea baita, erabakitze eskubidearen egikaritzeari, inoren zain egon gabe, inori baimenik eskatu gabe.
Horregatik, animo eta endavant!!
https://youtu.be/mbA5GHxm5tw
https://youtu.be/WBKOEiAlGrw
https://youtu.be/ncIX33HzGvo
https://youtu.be/Qe4V1iqPtFA
https://youtu.be/dLnJRy01HzA
https://youtu.be/VnKIrwm8S0g
https://youtu.be/uU2zmHhcxFM