N1ean, Buruntzaldean eta Donostiako garraio publikoko loturak moldatuko dituela iragarri du Gipuzkoako Aldundiak. Usurbilgo Udalak, “erabakia alegatzeaz gain, herritarrek ere beren bidetik alegazioak egiteko aukera eskainiko du. “Horretarako, urriaren 9a bitartean, hala nahi duenak udaletxean eskuragarri izango ditu alegazio-orriak”, agiri bidez aditzera eman dutenez.
Usurbilentzako “murrizketa larriak” egingo dituela salatu du Usurbilgo Udalak. Hori dela eta, inguruetako hainbat alkaterekin batera, Aldundiari bilera eskatu dio “ehundaka herritarri egingo dizkieten kalteak berraztertu ditzan”, Xabier Arregiren hitzak dira hauek.
Usurbil-Ospitaleak linea, etenda
Lurraldebus-ek eskaintzen duen ‘Usurbil-Ospitaleak’ linea guztiz desagertaraziko du Aldundiak. Bertan daude, besteak beste, Usurbilgo herriguneko eta Aginagako zein Txokoaldeko geltokiak.
‘Usurbil-Hernani’ ez da Zubietatik eta Santuenetik pasako
Ez da aldatuko duten autobus-linea bakarra izango. ‘Usurbil-Hernani’ arteko zerbitzuan, Zubieta eta Santueneko geltokiak desagertuko dira.
Institutuko ikasleak, kalteturik
Autobus hau Zubietan zein Santuenean bizi diren gazteek erabiltzen dute Lasarte-Oriako institutura joateko. Hemendik aurrera “Usurbilgo herrigunera hurbildu edo Lasartera beraien kabuz joan beharko dira, halabeharrez”. Udal arduradunen iritziz, “murrizketa hauek adinekoen eta gazteenen artean izango dute eraginik handiena, hau da, babes gutxien daukaten gizarte sektoreen artean”.
Alegazio-orriak, Udaletxean eskuragarri
Egoera horri aurre egiteko, hainbat udalek urgentziazko bilera eskatu diote Aldundiari, eta, horrez gain, erabakia alegatuko dute. Usurbilgo udalak herritarren eskura jarriko du alegazioak egiteko aukera. Urriaren 9a bitartean, hala nahi duenak udaletxean eskuragarri izango ditu alegazio-orriak.
Argazkia: blogdecarlos.