Hizpide nagusia Eguneko Zentroa izango duen ezohiko osoko bilkura bihar

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 3a, 08:56

Puntapax Eguneko Zentroari lotutako albistea. Ezohiko osoko bilkura deitu du Usurbilgo Udalak asteazken honetarako, urriak 4, arratsaldeko 17:00etan. "Adineko pertsonentzako Usurbilgo Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emakidaz kontratatzeko espedienteari onespena ematea" bozkatuko du udalbatzak.

Zahar egoitzaren eskaera Aldundira heldu da

Udaletik helarazitako eskaerei erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika diputatu Maite Peña Usurbilen izan zen irailaren 27an. Udalak eginiko harreraren ostean, udal ordezkari eta teknikariekin eginiko ibilaldian, gizarte zerbitzuen eta jubilatuen errealitatea ezagutu eta Udalak esku artean dituen proiektuen xehetasunen berri jaso zuen; tartean, eskualde mailan Usurbilek abiatzear duen Eguneko Arreta Zerbitzu berriaren nondik norakoen gaineko informazioa. Puntapax Eguneko Zentroa bisitatu zuten. “Udalak aurrerantzean asteburuetan 6 plaza gehiago izatea lortu du”, Udalak berri eman duenez.

Artzabalen, jubilatuen ordezkariekin bildu ziren. Hainbat gai jorratu zituzten, baina bat nabarmentzekoa: Usurbilek Zahar Etxea izateko duen beharra helarazi zioten foru diputatuari. Gai honi lotuta, jubilatuek azken hilabeteotan bildutako sinaduren emaitzak eskaini zizkioten Peñari “eta horren gaineko iritzi trukaketa egin dute”. Xabier Arregi alkatearen esanetan, “Matia fundazioarekin eta Aldundiarekin harremanetan gaude Zahar Egoitzaren gaia ez itzaltzeko. Usurbilgo Udalaren agendan presente dagoen gaia da Zahar Egoitzarena, eta hurrengo hilabeteetan ere proiektuaren alde lanean jarraituko dugu”.

Irudia: Usurbilgo Udala.