Azken egun eta orduotan gehitzen doaz Kataluniak bizi duen errepresio egoera salatu eta katalanei elkartasuna adierazteko mobilizazio deialdiak. Hurrengo hitzorduak biharko deitu dira. Katalunian, jarraipen zabala izatea aurreikusten den greba orokorra egitekoak dira. Haiei babesa adierazteko hainbat mobilizazio deitu dira Euskal Herri mailan. Goiz partean euskal gehiengo sindikalak eta Ernai gazte erakundeak hainbat hitzordu antolatu ditu. Arratsalde eta gau parterako, AsCATasunerak, Kataluniako independentzia prozesuarekin elkartasunez bildutako herritar taldeak Euskal Herri osoan. Azken hitzorduokin bat egin du Gure Esku Dago Usurbilek eta herritarrak parte hartzera animatzen ditu, "Kataluniako herritarren alde, demokraziaren defentsan, errepresioaren aurka".
Urriak 3, asteartea
11:00 Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde) deitutako elkarretaratzeak hiriburuetan. Donostiakoa Alderdi Ederren.
12:00 Ernai gazte erakundeak deitutako mobilizazioak EHU-ko kanpusetan. Tartean, Ibaetan.
Usurbilen
12:00 Euskal gehiengo sindikalak eginiko deialdiarekin bat eginez, lan uztea eta elkarretaratzea udaletxe aurrean.
19:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Deitzailea: Gure Esku Dago Usurbil.
22:00 Kazerolada eta argi itzaltzea, bakoitzak bere etxetik eta 10 minutuz.
Erreferendum egunaren ostean
Atzoko erreferendumean ia 900 lagun zauritu zituen polizia espainiarrak. Begi bistakoa beraz, haien etorkizuna erabakitzeko hitza hartu nahi zuten ehunka mila lagunek, bere iritzia bozka bidez eman ahal izateko izan zituzten eragozpenak eta jasan behar izan zuten polizien indarkeria. Halere, Generalitatearen arabera, erreferendumean bi milioi lagunek baino gehiagok parte hartu eta haietatik %90ak independentziaren alde bozkatu zuen. Hurrengo hitzordu garrantzitsua biharko deitua dute Katalunian; jarraipen zabala izatea aurreikusten den greba orokorra.