Kataluniako greba babesteko lan uztea egin dute udaletxe aurrean

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 3a, 13:52

Estelada izan du aldarri nagusi Usurbilgo udaletxe aurreko plazan deitua zegoen hitzorduak. Estelada baten atzean bildu dira hainbat udal ordezkari, langile eta herritar eguerdiko 12:00ak jo dituenean. 

Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde) Katalunian gaurkoa deitua duten greba eguna babestu eta urriaren 1ean katalanek pairatutako indarkeria salatzeko deitu zuen lan uztearekin bat egin dute ondoko irudietako elkarretaratzearekin.

Udala, argi itzaltzearekin bat eginik

AsCATasunera bilgunetik Euskal Herri luze zabalean mobilizatzeko deia egin dute gaurko. Kataluniako greba eguna babestea helburu izango duten elkarretaratzea deitu dute 19:00etarako (Usurbilen Mikel Laboa plazan). Gaueko 22:00etarako aldiz, kazerolada eta argi itzaltzea (Usurbilen, norberak bere etxetik egiteko deia). Hitzorduokin bat egin du Gure Esku Dago Usurbilek. Herritarrak frontoi atzera gerturatzera gonbidatzen dituzte 19:00etan eta gauean, keinu txiki handi honekin norbere etxeko argiak itzali eta burrunba eragitera. "Atera balkoira eta egin burrunba!", luzatu dute gonbita Gure Esku Dago Usurbil taldetik.

Usurbilgo Udalak ere bat egin berri du deialdiarekin. 22:00-22:10 artean, herriko hainbat gune publikoetako argiak itzaliko ditu.