Kazerolada burrunbatsua egin dute ilunpean Usurbilen, Kataluniari babesa agertzeko

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 3a, 22:45

Kalean ia arimarik ez. Unea grabatzen ari zen herritarren bat, terrazaren batean zenbait lagun... askoz gehiagorik ez. Kalean isiltasuna nagusi, herria ilunpetan eta soinu bakarra ozen asko entzungai; herritarrek etxeetako leiho eta balkoietara irtenda, eskura zituzten denetariko objektuekin eragin duten burrunba.

Kazerolada edota txistu hotsak nonahi entzun zitezkeen gaur gaueko 22:00ak aldera isilik eta ilunpean zen Usurbilen. Eta tarteka, independentzia zioten oihuak baita. Ezin ikusi nondik zetozen, baina entzun argi entzun dira. Horixe baitzen gaurko helburua; zarata atera, burrunba eragin, eta ozen bezain argi entzutea Usurbilek ere bat egiten duela greban dagoen Kataluniarekin. Kataluniako herria babesten ari dela, eta elkartasuna haraino helarazi nahi izan dute kazeroladaren burrunba hotsekin. Eta ilunpean. Usurbilgo Udalak deialdi honekin bat egin baitu, gune publikoetako argiteria 10 minutuz itzaliz. 

Kataluniako herria jasaten ari den errepresioaren aurka agertu dira laugarrenez usurbildarrak, 48 orduko tartean. Oraingoan, AsCATasunera bilguneak Euskal Herri luze zabalean deitu dituen mobilizazioekin bat egin du Gure Esku Dago Usurbilek eta herritarrak bitan deitu gaur mobilizatzera. Arratsaldean Mikel Laboa plazan, eta orain gutxi, kazerolada burrunbatsuaren bidez. Usurbil, Kataluniari gogotik ari zaio babesa eta elkartasuna adierazten egunotan.

https://youtu.be/Bmo7Loo6AdA

https://youtu.be/KPPccq0orrs