Abiatu dira. Batzuk Aginagara. San Praixku Egun handia ospatuko dute gaurkoan. Eguerdi partean, hamaiketako ederra dastatuko dute Aginaga Sagardotegian eta harantz abiatu dira oinez. Beste batzuk, herritik barrena osteratxoa egitera joan dira. Guztiek primerako giroa dute paseoan ibiltzeko.
Abiapuntu ezinhobea izan du beraz, udako etenaldiaren ostean, Usurbilgo Udalak gaur berriz martxan jarri eta ekainera arte luzatuko den "Goazen Kalera" ekimenak. Herriko nagusien eta dibertsitate funtzionala duten herritarren osasuna zaintzea da asmo nagusia, adinekoek edo osasun arazoak dituztenak sasoian mantentzea. Horretarako, aurreko ikasturtean bezala, gaurtik hasita asteazkenero ibilaldiak egiteko aukera izango dute herri inguruan. Lau ibilbide ezberdin zehaztuak ditu antolakuntzak. "Astero bat egingo dute. Horrez gain, asteazkenero ibilbideak egiten dituzten heinean, zigilu batekin partehartzaileen txartel propioak markatuko dira", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Eguraldi txarra suertatzen denean, kirol ariketa ezberdinak egingo dituzte Artzabal barruan.
Hitzordua asteroko; asteazkenero goizeko 11:00etan Artzabalera gerturatu beharko da. Ibilaldia edo kirol ariketak egin ostean, mokadutxo bat jateko aukera izango dute egitasmo honetako partaideek. Aipatzekoa, eragile ezberdinen laguntzaz gauzatzen dela "Goazen Kalera" ekimena. Tartean, adinekoak beraiek ere parte hartzen dute bolondres gisa antolaketa lanetan.
"Goazen kalera!"
Epea: urriaren 4tik 2018ko ekainera.
Hitzordua: asteazkenero, goizeko 11:00etan Artzabalen.
Lau ibilbide:
1.ibilbidea: 1.900 metro. Bidea: Artzabaletik Bizarreko gainera, handik Kalezarrera eta buelta berriz Artzabalera.
2.ibilbidea: 1.300 metro. Bidea: Artzabal, Puntapax, Agerreazpi, Munalurra, Udarregi Ikastola, Bordatxoko errotonda eta Artzabal lotuko ditu.
3.ibilbidea: 1.900 metro. Bidea: Artzabal, Kaxkoa, Etxealdia, tren geltoki ingurura eta Atxega jauregira joan eta itzultzea.
4.ibilbidea: 3.200 metro. Bidea: Artzabal, Kaxkoa, Atallu industrialdea, Bizkarreko gainera joan eta itzultzeko ibilbidea.
Oharra: eguraldi txarra eginez gero, gorputza eta osasuna zaintzeko ariketak egingo dira Artzabalen.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Hurbilago merkatari eta ostalarien elkartea, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Gure Elkartea, Gure Pakea Elkartea, Arrate Elkartea, DYA, Udarregi Ikastola, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Odol Emaileen Elkartea.