Eguneko Zentroko zerbitzuaren esleipen kontratua onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 4a, 17:31

Aho batez onartu du asteazken arratsalde honetan Usurbilgo Udaleko udalbatzak egin duen ezohiko osoko bilkuran, adineko pertsonentzako Usurbilgo Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emakidaz kontratatzeko espedientea. 

Hiru urterako esleipenaz ari gara, urtez urte bost urteraino luzatu ahalko dena. "Guztira estimaturiko kontratuaren bolumen ekonomikoa 1.301.100 euro da (BEZ-ik gabe), eta %4a BEZ (52.044 euro) barne, guztira 1.353.144 euro". 

Erabaki honen baitan, "aipatu kontratua gauzatzeko, jarduteko eta esleipenerako oinarri bezala erabiliko diren Administrazio Baldintza Zehatzen Orriei eta Preskripzio Teknikoen orriei onespena ematea" ere onartu du aho batez udalbatzak. 

6 plaza gehiago asteburu eta jai egunetan

Eguneko Zentroa ireki zenetik orain arte, GSR enpresak kudeatu du Puntapax Eguneko Zentroa. 18 plaza ditu egun astetartean, 6 asteburuetan. Baina laster adineko herritar gehiagorentzako lekua egongo da. Usurbilgo Udalak Eguneko Zentroko plaza kopurua gehitzea eskatua zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, dagoen eskariak egungo eskaintza gainditzen baitu. Eta eskaerak Diputazioaren baiezkoa jaso du, idatzi bidez momentuz. Gaurko osoko bilkuran udal gobernu taldeko kide eta Gizarte Ongizateko zinegotzi Jone Urdanpilletak iragarri duenez, Foru Aldundiak urriaren 31n egingo duen batzarrean onartuko du Puntapaxeko plaza kopurua igotzea. 

Erabaki horren aurretik onartu du udalbatzarrak Eguneko Zentroko zerbitzuaren esleipena. Egun eskaintzen dituen plaza kopuruarekin. Hilabete amaieran, Foru Aldundiak plaza kopurua haztea onartzen duenean, beharrezko aldaketa txertatuko da esleipen kontratuan.

Udalak Eguneko Zentroko zerbitzua eskaintzen segitzeko konpromisoa agertu du, eskaintzen dena kalitatezko zerbitzua dela nabarmentzearekin batera.

Gaur onartu duten lizitazioaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute laster, baita udal iragarki taulan ere. Esleipen prozesua kudeatuko duen Kontratazio Mahaia ere eratuko dute.

EGUNEKO ZENTROA

Helburua:

"Adineko personen eta horien senideen bizi-baldintzak egokiak izan daitezen laguntzea eta bi alderdiei ahalik eta autonomia eta bizi-kalitate handiena ematea".

Plaza kopurua:

Egun astetartean 18 plaza ditu, asteburu eta jai egunetan 6. Laster, asteburu eta jai egunetan 6 plaza gehiago izango ditu.

Egutegia eta ordutegia:

Urte osoan zabalik, urtarrilaren 1ean, 6an, abenduaren 25ean eta Udalak izendaturiko herriko jai egunean izan ezik.

Ordutegia: 09:30-18:00 (astelehenetik ostiralera); 09:30-17:30 (asteburu eta jai egunetan).

Eskainitako zerbitzuak

-Ostalaritzako zerbitzuak.

-Oinarrizko arreta pertsonaleko eta eguneroko bizimodua berregokitzeko zerbitzuak.

-Zerbitzu sanitarioak.

-Zerbitzu psikosozialak.

-Informazio, arreta eta parte hartzeko zerbitzuak.