Antolakuntzak bazkideei lehentasuna eman nahi zien edizio honetan. Hartara abonamendua eskuragarri jarri zuen bazkideentzat, handik gutxira agortu zen. Urriaren 2ra arte finalaurrekoetako eta finaleko sarrerak bazkideek soilik erosi ahal zituzten, final laurdenetakoak edonork. Ordutik zaletu guztiek eskuragarri dituzte Bertsolari Txapelketa Nagusiko final eta finalaurrekoetarako txartelak. Txartelak eskuratzeko bideok dituzue: bertsosarrerak.eus edo Euskal Herri luze zabaleko salmenta puntuak. Usurbildik gertuen, Hernaniko Kitto Tabernan, Donostiako Hontza liburudendan, edo Zarauzko Txiki Polit tabernan eskura ditzakezue.
Bi herritar txapelketan
43 bertsolari lehiatuko dira, 18 gai jartzaileren esanetara jardun beharko dute eta 20 epaile izango dira iragarri diren saio guztien amaieran azken hitza izango dutenak. Antolaketa lanetan bi herritarrek parte hartuko dute. Epaimahaikideen artean izango da Jurgi Fuentes, sortzez mungiarra, egun Usurbilen bizi da. Inazio Usarralde aginagarrak bestalde, lehen finalaurreko saioa aurkeztuko du, gai jartzaile lanetan arituko da urriaren 28an Bastidan. Txapelketak badu Usurbilekiko beste lotura bat ere. Antolakuntzak jakinarazi duenez, Bertsozale Elkarteak finalerako autobus zerbitzua Aizpurua Autobusak enpresakoen bidez eskainiko du.
TXAPELKETAREN FASEAK
Hasiera: irailaren 23an Baigorrin.
Amaiera: abenduaren 17an, Barakaldoko BEC-en.
Saioen egutegia:
Final laurdenak
-Urriak 7: Zalla. Parte hartzaileak: Eneko Abasolo Txabarri "Abarkas", Jone Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza, Odei Barroso Gomila, Oihane Perea Perez de Mendiola, Onintza Enbeita Maguregi.
-Urriak 8: Zumaia. Parte hartzaileak: Arkaitz Oiartzabal Agirre "Xamoa", Asier Otamendi Alkorta, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Miren Artetxe Sarasola, Nahikari Gabilondo Mendizabal, Nerea Ibarzabal Salegi.
-Urriak 14: Tolosa. Parte hartzaileak: Beñat Lizaso Alberdi, Eneko Lazkoz Martinez, Etxahun Lekue Etxebarria, Jon Maia Soria, Maddalen Arzallus Antia, Xabat Galletebeitia Abaroa.
Finalaurrekoen lehen itzulia
-Urriak 28: Bastida. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Igor Elortza Aranoa, Sustrai Colina Acordarrementeria. Aurkezlea: Inazio Usarralde.
-Azaroak 1: Irun. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Aitor Sarriegi Galparsoro eta Maialen Lujanbio Zugasti.
-Azaroak 4: Maule-Lextarre. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Beñat Gaztelumendi Arandia.
-Azaroak 12: Durango. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Aitor Mendiluze Gonzalez.
Finalaurrekoen bigarren itzulia
-Azaroak 19: Amurrio.
-Azaroak 26: Donibane Lohitzune.
-Abenduak 2: Iruñea.
Finala
-Abenduak 17: Barakaldoko BEC-en. Goizeko saioa 11:00etan hasita, arratsaldekoa 16:30etatik aurrera.
Informazio gehiago: bertsozale.eus
Antolatzailea: Bertsozale Elkartea.