Autobus zerbitzuak murrizteko Aldundiaren aurreproiektua bertan behera uztea eskatu dute

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 4a, 20:15

Egunotan berri eman bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarron autobus zerbitzuak murriztu asmo ditu. Nabarmen gainera. N-1 errepidea baliatzen duten edota Donostia zein Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan eragingo dute murrizketok. Usurbil inguruari dagokionez, ospitalera doan zerbitzua eten egingo du Aldundiak, kendu alegia. Bertan dira gogoan izan, Usurbil, Aginaga eta Txokoaldeko geltokiak. 

Usurbil Hernanirekin lotzen duten zerbitzuari dagokionez, Zubieta eta Santueneko geltokiak desagertuko dira. Hau da, ez Zubieta ez Santuenetik ere ez da igaroko autobus zerbitzu hau.

Murrizketok, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zituen irailaren 7an jendaurrean jarri zuen proiektuaren bidez. Ez udalak ez herritarrak, ez dituztela ez informatu ezta aintzakotzat hartu ere salatu dute gaur eguerdian, Diputazio aurrean, Donostian beraz, agerraldia egin duten Usurbil, Hernani eta Andoaingo Udaletako alkateek; Xabier Arregik, Ana Karrerek eta Luis Intxauspek hurrenez hurren.

Eskaera argia egin diote alkateok, murrizketok aplikatu asmo dituen Foru Aldundiari. "Andoaingo, Hernaniko eta Usurbilgo udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu nahi diogu aurreproiektu hori bertan behera uzteko eta inplikatuta gauden udalerrietarako ordezkariekin mahai baten inguruan esertzea konponbide adostu bat bilatzeko", eskatu dute. Ondoko bideoan dituzue alkateon adierazpenak.

Alegazio-orriak, Udaletxean eskuragarri

Gai honi konponbide adostu bat emateko beraz, hainbat udalek urgentziazko bilera eskatu diote Aldundiari, eta, horrez gain, erabakia alegatuko dute. Usurbilgo udalak herritarren eskura jarriko du alegazioak egiteko aukera. Urriaren 9a bitartean, hala nahi duenak udaletxean eskuragarri izango ditu alegazio-orriak.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA