Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio zerbitzu publikoan hainbat murrizketa iragarri ditu. Tartean, Aginagatik ospitalera doan autobus zerbitzua kendu asmo du eta Hernanira doan autobus zerbitzuaren ibilbidetik kanpo utzi asmo ditu Zubieta eta Santuenea. Murrizketon aurka, Usurbilgo Udalak alegazioak aurkeztera animatzen ditu herritarrak. Urriaren 9ra arteko epea dago. Alegazio orriak udal erregistroan dituzue, usurbil.eus atarian ere eskura ditzakezue. Urriaren 6an alegazioak biltzeko mahaia jarriko du Usurbilgo EHBilduk plazan.
Alkateen agerraldia
Egunotan berri eman bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarron autobus zerbitzuak murriztu asmo ditu. Nabarmen gainera. N-1 errepidea baliatzen duten edota Donostia zein Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan eragingo dute murrizketok. Usurbil inguruari dagokionez, ospitalera doan zerbitzua eten egingo du Aldundiak, kendu alegia. Bertan dira gogoan izan, Usurbil, Aginaga eta Txokoaldeko geltokiak.
Usurbil Hernanirekin lotzen duten zerbitzuari dagokionez, Zubieta eta Santueneko geltokiak desagertuko dira. Hau da, ez Zubieta ez Santuenetik ere ez da igaroko autobus zerbitzu hau.
Murrizketok, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zituen irailaren 7an jendaurrean jarri zuen proiektuaren bidez. Ez udalak ez herritarrak, ez dituztela ez informatu ezta aintzakotzat hartu ere salatu zuten atzo eguerdian, Diputazio aurrean, Donostian beraz, agerraldia egin zuten Usurbil, Hernani eta Andoaingo Udaletako alkateek; Xabier Arregik, Ana Karrerek eta Luis Intxauspek hurrenez hurren.
Eskaera argia egin zioten alkateok, murrizketok aplikatu asmo dituen Foru Aldundiari. "Andoaingo, Hernaniko eta Usurbilgo udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu nahi diogu aurreproiektu hori bertan behera uzteko eta inplikatuta gauden udalerrietarako ordezkariekin mahai baten inguruan esertzea konponbide adostu bat bilatzeko", eskatu zuten. Ondoko bideoan dituzue alkateon adierazpenak.