Atzegi: "Boluntario gehiago behar ditugu"

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 5a, 19:22

Atzegiren aurtengo kanpaina boluntarioei zuzenduta dago. Atzegi Xperience lemaren bitartez, boluntarioek bizipen ahaztezinak izaten dituztela eman nahi dute aditzera. Bide batez, arlo horretan aritzen diren lagunen ahalegina goraipatu nahi dute. “Musutruk, hainbat esparrutan laguntzen duten pertsona asko dago”, Buruntzaldeko ordezkariek aditzera eman dutenez.

"Esperientzia paregabea

Boladan daude bidaia-kutxak. Opari gisa, arrakasta handia dute. Atzegi Xperience lema, hortaz, opari-kutxa horiekin alderatu daiteke. Adimen urritasuna duten lagunekin aritzen diren boluntarioentzat, esperientzia ahaztezina dela adierazi nahi dute.

Zeregin horretan, laguntzeko modu asko dago. “Puntualki  kolaboratuz, aldizka, zaletasunen bat partekatuz, ekimenetan parte hartuz, oporretara joanez… Kolore guztietako esperientziak daude eta, zarena zarela, badago zuretzat egokia izan daiteken esperientzia”, Atzegiko kideek gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez.

Gizarteratzean lagundu

Atzegik boluntario berriak batu nahi ditu batetik; eta jada horretan ari direnei eskerrak eman nahi dizkie bestetik: “Adimen urritasuna duten pertsonen bizitzan boluntarioek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Hauei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek beren aisialdiaz gehiago gozatu, gizartean aktiboki parte hartu edo lagun hurkoari zabaltzeko aukera dute. Horrek guztiak hobetzen du, azken batean, euren gizarteratzea”.

Urriaren 10ean, ekitaldi nagusia Donostian

Bailaraz bailara ari dira kanpaina berria ezagutarazten. Kanpainaren ekitaldi nagusia ordea, urriaren 10ean egingo dute: arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Donostiako Antzoki Zaharrean.