Tttipika Dantza Gidatuen taldeak, Nafarroa Oinezen parte hartuko du

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 6a, 12:16

Kilometroak ospatuta, Nafarroako ikastolen txanda orain. Nafarroa Oinez, aurtengoan Lesakan datorren urriaren 15ean, "Bikin bat in" aldarripean. Tantirumairu ikastolarentzako eraikin berri bat egitera bideratuko dute jasotako laguntza, "izan ere, oraingo egoitza ttikia eta zaharkitua gelditu zaigu". Helburu ekonomikoez haratago, euskararen presentzia eta garrantzia, euskaraz bizitzeko euskara bizia, Nafarroan ikastolak beharrezkoak dituztela, auzolanaren balioa, indar eta ilusioa ere aldarrikatu nahi dituzte, jaialdi honen bidez.

Gaur aurkeztu ditu antolakuntzak ibilbidea eta egitaraua. 3,5 kilometro eta lau gune izango ditu Nafarroa Oinezeko zirkuituak. Udalerriaren goikaldea zeharkatuko du jaialdiak. Gune bakoitzean, jan edana, ikuskizunak, haur jolasak, Erronka, kontzertuak... denetarik izango da. Baita noski, musika entzuteaz gain, dantza egiteko aukera ere. 

Adi dantza zaleok. Usurbilgo Ttipika Dantza Gidatuak taldeko kideak ere Nafarroa Oinezen izango ditugu urriaren 15ean. Ibilbideko lehen gunean, arratsaldeko 17:00etan hasita, dantzara gonbidatuko gaitu Aitor Agirre, Maitane Arteaga, Josu Furundarena eta Manex Torrealdai laukoteak. Haiei eginiko elkarrizketa, datorren asteko NOAUA!n.

Laguntzaileak behar

Nafarroa Oinezek antolaketa lanetarako laguntzaileak behar ditu. "Jende aunitzek eman du izena baina oraindik ez ditugu txanda guztiak bete. Txandak ez dira hagitz luzeak eta izanen duzu astia bertan ere parte hartzeko. Zatoz laguntzera! Besta eta lana bikin bat in!", luzatu du gonbita Nafarroa Oinezeko antolakuntzak. Izen emateko:

948 637 308 / 636 865 399.

pertsonala@oinez2017.ikastola.eus

https://goo.gl/forms/E8WQNmuCo0lz8EDy1

https://youtu.be/V7x21QlzvsU