Garraio zerbitzu publikoen murrizketen aurka alegazioak aurkezteko aukera Zubietan eta Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 6a, 17:15

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako garraio zerbitzu publikoen murrizketen aurka alegazioak aurkezten ari dira herritarrak. Usurbilen nahiz Zubietan eskura ditzakezue alegazio orriok, albiste honetan beherago duzue baita orria. Inprimatu edo eskuratu, datu pertsonalekin bete eta aurkezteko bide ezberdinak dituzue. Segidan dituzue xehetasunak.

Ostiral honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak garraio zerbitzu publikoak murrizteko asmoa erakusten duen aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea urriaren 23ra arte luzatu berri du, "nahi duten pertsona eta entitate guztiek egoki iritzitako alegzioak aurkez ditzaten". Usurbilgo Udalak honenbestez, urriaren 20ra arte luzatu du alegazioak aurkezteko epea. Udaletik ohartarazi digutenez, epe hau luzatzeak ez du esan nahi Aldundiak gaurko murrizketok bertan behera uzteko asmoa duenik. Honenbestez, herritarrak alegazioak aurkezten segitzera animatzen ditu.

Alegazio aurkezpena

Usurbil

Alegazio orriak non eskuratu: usurbil.eus udal atarian, udaletxean.

Alegazio aurkezpena: ostiral honetan, 18:00-19:30 artean, Usurbilgo EHBilduk plazan jarriko duen mahaian.

Epea: urriak 20.

Zubieta

Alegazio orriak eskuratzeko aukera: Barazarren eta Alamandegin.

Alegazio aurkezpena: Zubietako Herri Batzarraren postontzian.

Alkateen agerraldia

Egunotan berri eman bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarron autobus zerbitzuak murriztu asmo ditu. Nabarmen gainera. N-1 errepidea baliatzen duten edota Donostia zein Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan eragingo dute murrizketok. Usurbil inguruari dagokionez, ospitalera doan zerbitzua eten egingo du Aldundiak, kendu alegia. Bertan dira gogoan izan, Usurbil, Aginaga eta Txokoaldeko geltokiak. 

Usurbil Hernanirekin lotzen duten zerbitzuari dagokionez, Zubieta eta Santueneko geltokiak desagertuko dira. Hau da, ez Zubieta ez Santuenetik ere ez da igaroko autobus zerbitzu hau.

Murrizketok, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zituen irailaren 7an jendaurrean jarri zuen proiektuaren bidez. Ez udalak ez herritarrak, ez dituztela ez informatu ezta aintzakotzat hartu ere salatu zuten asteazkenean, Diputazio aurrean, Donostian beraz, agerraldia egin zuten Usurbil, Hernani eta Andoaingo Udaletako alkateek; Xabier Arregik, Ana Karrerek eta Luis Intxauspek hurrenez hurren.

Eskaera argia egin zioten alkateok, murrizketok aplikatu asmo dituen Foru Aldundiari. "Andoaingo, Hernaniko eta Usurbilgo udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu nahi diogu aurreproiektu hori bertan behera uzteko eta inplikatuta gauden udalerrietako ordezkariekin mahai baten inguruan esertzea konponbide adostu bat bilatzeko", eskatu zuten. Ondoko bideoan dituzue alkateon adierazpenak.