Haimar Zubeldiaren azaroaren 18ko omenaldia prestatzeko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 9a, 07:14

Erretiroa hartu berri duen honetan, merezitako herri omenaldia antolatzen ari zaie Urdaiagako txirrindulariari. Azaroaren 18an izango da. "Data gorde!", galdegin dute Haimar Zubeldia Taldetik. Hitzordua prestatzen lagundu nahi duten herritar guztientzako bilera irekia deitu dute astelehen  honetan, urriaren 9an 19:00etan Potxoenean.

"Beste amets batzuen bila noa"

Uztaila amaierako Donostiako Klasikan ikusi genuen azkenekoz txirrinda gainean. Lehenago, Frantziako Tourra jokatzen ari zela iragarri baitzuen erretiratzera doala, ia 20 urtez maila profesionalean lehiatu ostean. "Hainbeste lasterketa eta maillot jantzi ondoren agurtzeko eguna iritsi da", iragarri zuen sare sozialetan zabaldutako oharraren bidez. Bere ibilbideko hainbat une magiko eta garaipen oroitu zituen. "Momentu zoragarri asko bizi izan ditut Euskaltel, Astana eta Trek taldeetan: Euskal Bizikleta irabazi nuenekoa, zaletuen ondoan Tourreko mendiak aurreko taldean pasatzen nituenekoak edota taldeka Pariseko podiuma zapaldu nuenekoa", oroitzen du usurbildarrak.

Talde kide izandakoak gogoan hartu eta esker hitzak eskaini zizkien hurbilekoei. "20 urte hauetan maite nautenen lider izanik, atzetik lanean izan dudan pelotoitxoa gogoratu nahi dut: gurasoak, Kepa, Paco, Nazabal, nere anaia, Josune eta nere bi alabatxoak, baita ere babesa eman didazuen guztiei eta grupetakoei. Eskerrik asko hau guztia elkarrekin sortzen laguntzeagatik".

Baina argi zioen, "ni beti izango naiz txirrindularia". Maillot horia betirako jantzita eramango duela azpimarratzen zuen. "Beste amets batzuen bila noa. Eskerrik asko, zoragarria izan da. Besarkada amaigabe bat guztiontzat!". 

DATOZEN DEIALDIAK

Urriak 9, astelehena

19:00 Haimar Zubeldiari azaroaren 18an egingo zaion omenaldia prestatzeko bilera Potxoenean.

Azaroak 18, larunbata

Egunean zehar: solasaldia, argazki erakusketa...

13:00 Omenaldi ekitaldia.

14:30 Bazkaria.

Oharra: egitarauari buruzko xehetasun gehiago, aurrera emango ditu antolakuntzak.

Antolatzailea: Haimar Zubeldia Taldea.