Erraustegiaren aurkako 2. Barraskilo Operazioa urriaren 26an

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 9a, 14:46

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak zabaldu berri du deialdia sare sozialen bidez. Aurreko maiatzean egin zuten moduan, "irteera operazio" berria iragarri dute urriaren 26rako errepideetan; erraustegiaren aurkako eta alternatiben aldeko 2. Barraskilo Operazioa. Aipatu moduan, hilabeteko azken ostegunerako iragarri dute hitzordu honen edizio berria.

Estreinakoa maiatzean egin zuten, Zubietan antolatu zuten Erraustegiaren Aurkako Egunaren bezperatan. Belartzatik abiatu eta eskualdeko errepideetan barrena ibili ziren, mugimenduak berak Gipuzkoa Zutikekin elkarlanean antolaturiko ekimenean, erraustegiaren aurkako aldarria zabaltzen. 

Momentuz 2. Barraskilo Operazioaren eguna baino ez dute aurreratu antolatzaileek. Aurrerago emango omen dituzte xehetasun gehiago. "Adi!!! Maiatzean antolatu genuen barraskilo operazioa berrerabili eta bigarren karabana antolatuko dugu urriaren 26rako, ostegunez ere. Laister informazio guztia zabalduko dugu! Alternatiba dagoelako erraustegirik ez!!".