Azaroaren 18an Haimar Zubeldia omentzeko antolakuntza taldea lanean jada

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 10a, 12:44

20 urtez maila profesionalean lehiatu ostean, udan erretiroa hartu zuen txirrindulari usurbildarrari merezitako omenaldia egingo zaio azaroaren 18an. "Data gorde!", galdegin dute Haimar Zubeldia Taldetik. Ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, antolakuntzak prestaketa lanei ekin die jada. Atzo arratsaldean Potxoenean batzartu ziren, hitzordua prestatu nahi duten herritarrekin.

Bazkaritarako txartelak salgai

Bestelako ekitaldien artean, omenaldi bazkaria antolatu diote azaroaren 18an, 14:00etan Aginaga Sagardotegian. Hara joateko doako autobus zerbitzua jarri asmo du antolakuntzak. Otordurako txartelak salgai izango dituzue Bordatxon azaroaren 5era arte. Bi menu izango dira aukeran:

-Helduentzat menua: 30 euro, sagardotegiko menua.

-Haurrentzat menua: makarroiak, oilaskoa eta izozkia. 15 euro.

"Beste amets batzuen bila noa"

Uztaila amaierako Donostiako Klasikan ikusi genuen azkenekoz txirrinda gainean. Lehenago, Frantziako Tourra jokatzen ari zela iragarri baitzuen erretiratzera doala, ia 20 urtez maila profesionalean lehiatu ostean. "Hainbeste lasterketa eta maillot jantzi ondoren agurtzeko eguna iritsi da", iragarri zuen sare sozialetan zabaldutako oharraren bidez. Bere ibilbideko hainbat une magiko eta garaipen oroitu zituen. "Momentu zoragarri asko bizi izan ditut Euskaltel, Astana eta Trek taldeetan: Euskal Bizikleta irabazi nuenekoa, zaletuen ondoan Tourreko mendiak aurreko taldean pasatzen nituenekoak edota taldeka Pariseko podiuma zapaldu nuenekoa", oroitzen du usurbildarrak.

Talde kide izandakoak gogoan hartu eta esker hitzak eskaini zizkien hurbilekoei. "20 urte hauetan maite nautenen lider izanik, atzetik lanean izan dudan pelotoitxoa gogoratu nahi dut: gurasoak, Kepa, Paco, Nazabal, nere anaia, Josune eta nere bi alabatxoak, baita ere babesa eman didazuen guztiei eta grupetakoei. Eskerrik asko hau guztia elkarrekin sortzen laguntzeagatik".

Baina argi zioen, "ni beti izango naiz txirrindularia". Maillot horia betirako jantzita eramango duela azpimarratzen zuen. "Beste amets batzuen bila noa. Eskerrik asko, zoragarria izan da. Besarkada amaigabe bat guztiontzat!". 

DATOZEN DEIALDIAK

Azaroak 18, larunbata

Egunean zehar: solasaldia, argazki erakusketa...

13:00 Omenaldi ekitaldia.

14:00 Bazkaria Aginaga Sagardotegian. Txartelak azaroaren 5era arte Bordatxon salgai.

-Helduentzat menua: 30 euro, sagardotegiko menua.

-Haurrentzat menua: makarroiak, oilaskoa eta izozkia. 15 euro.

Oharrak:

-Sagardotegira joateko doako autobus zerbitzua.

-Egitarauari buruzko xehetasun gehiago, aurrera emango ditu antolakuntzak.

Antolatzailea: Haimar Zubeldia Taldea.