Buruntzaldeko Euskararen Ginkanan parte hartzeko izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 10a, 08:19

Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat probekin jolasteko aukera eskaintzen duen Euskal Herri mailako ginkana ospatu izan da orain arte. Aurtengoan, aldez aurretik, udazken honetan, eskualde mailakoa, Buruntzaldekoa antolatu dute, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako Gazteleku eta euskara zerbitzuek Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, 12-16 urte arteko gazteentzat. Lau laguneko taldeak osatu beharko dira. Izen emateko epea zabalik egongo da urriaren 19ra arte, euskararenginkana.eus atarian. Informazio gehiago helbide berean.

Faseak

1. fasea (urriak 23-azaroak 19): Internet bidezko frogak. Talde bakoitzak aurkezpen bideoa landu beharko du, eta proba bana egin lau astez webgunean.

2. fasea: finala, abenduaren 1ean Orona-Ideon, lehen fasean puntu gehien lortu dituzten lau taldeen artean. Bi sari jokoan: 1.000 euro txapeldunentzat, 500 euro bigarren talde sailkatuarentzat.

Euskararekin eta euskaraz jolasteko

Kutxa Ekogunearen ekimenak, euskararekin eta euskaraz gozatzea du helburu. Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izaten dituzte talde lehiakideek ginkana honetan. Euskal Herri mailako seigarren edizioa ospatuko da urtarriletik aurrera. Haren arrakasta ikusita, eskualde mailakoak ere hasi ziren antolatzen 2015ean, euskaraz jolastuz, herri eta eskualdeetako herritarren eta taldeen artean hizkuntzarekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilpena sustatatzeko. Aurten lehen aldiz Buruntzaldea mailakoa antolatu dute.