Udala Jaurlaritzarekin biltzekoa da astelehenean, ke isurketen gaian neurriak eskatzeko

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 10a, 14:30

Urrats berri bat ematera doa Usurbilgo Udala, ke isurketen harira herrian dagoen arazoa konpontzeko bidean. Datorren astelehenean, urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzarekin biltzekoa dela berri eman du ohar bidez Udalak eta hitzordu horretan, Udalak berak eta herritarren kezkak mahaigaineratu eta Ingurumen Sailaren interbentzio zuzena eskatuko dute udal ordezkariek.

“Gure eskuetan genuen guztia egin dugu Usurbilen ke-isurketak kontrolatzeko, baina egiaztatu dugu Udalak ez duela gai horrekiko eskumen handirik. Hori dela eta, benetan egoera geldiarazteko eskumena daukan erakundearengana jo dugu askotan, arazoari irtenbide bat eman nahian. Oraingoan bilera bat izango dugu Gasteizen, eta bertan Udalak zein herritarrek dituzten kezkak mahaigaineratuko ditugu. Arazo honek Eusko Jaurlaritzaren irterbentzio zuzena eskatzen du, eta hain justu hori nabarmenduko diegu”, adierazi du Xabier Arregi alkateak.

Udalak ohar bidez gaineratu duenez, "Udalaren eskaera jarraituen ostean, enpresak labe berria jarri behar izan zuen 2014ean, eta tarte honetan udalaren asmoa izan da labe zaharra behin betiko ixtea eta ke-erauzgailu berria jartzea. Negoziaketa luzeen ondoren aurrerapausorik ez zegoela ikusita, udalak elkarrizketak eten egin zituen uda aurretik. Udalak behin eta berriz ohartarazi dio Eusko Jaurlaritzari egoeraren larritasunaz, beren interbentzioa eskatuz eta udalaren inplikazioa eta laguntza eskainiz. Bien bitartean, enpresari hirigintza arloko zigor-espedientea ireki zion ekainean".