Eskoriatzako Aitzorrotzeko gazteluaren historiari buruzko dokumental proiekzioarekin abiatu zen atzo Nafartarren ekintza astea. Asteazken honetan hurrengo hitzordua, “The Basques of Santazi” dokumental proiekzioa 19:00etan Sutegin.
Gogoan izan, Aitzorrotzeko gaztelura irteera antolatu dutela Nafartarrek igande honetarako, urriak 15. Eskoriatzako gailur honetara igotzeko txangoa antolatu dute Nafartarrek. Bertaratu nahi duzuenok deitu aurrez eta izena eman, telefono zenbaki honetara deituta: 650 19 59 41 (Jexux).
NAFARTARREN EKINTZA ASTEA
Urriak 11, asteazkena
19:00 “The Basques of Santazi” dokumentalaren proiekzioa, Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: Leslie Woodhead-ek 1987an grabaturiko 52 minutuko dokumentala. "Bi urtez, Zuberoako Saint-Engrance herrixkan bi artzain-familien eguneroko bizimodua jasotzen ibiliko dira kamerak, Pirinioetan bertan, Belagua haranaren beste aldean. Dokumentala 80ko hamarkadaren amaiera aldera filmatu zen, haien granjak munduarekin lotuko zituen asfaltozko pista estreinatu berri zutenean. Sandra Ott-en (The circle of Mountains azterketa bikainaren egilea, 1981) azterketa antropologikoan oinarritzen da pelikula".
Urriak 14, larunbata
11:00 Eñaut Etxamendirekin solasaldia Sutegiko auditorioan.
“Eñaut Etxamendi, nafarra, gizon handia, Usurbilen izango dugu. Kantaria (Etxamendi eta Larralde), hizkuntzalaria (euskararen jatorriari buruzko tesia egina du), artzaina… ekintzailea. Hamaika eskarmentu jasotako pertsona, eta abertzalea. Zeresan handia duen gizon honekin solasaldia izango dugu. Gai hauek guztiak jorratuko ditugu eta beste hainbat ere bai. Hau guztia borobiltzeko, berarekin Ainhoa Larrañaga (Mondragon Unibertsitateko irakaslea) izango dugu”.
Sarrera: doan.
Urriak 15, igandea
09:00 Atxorrotx gaztelura irteera, Usurbilgo Udaleko autobus geltokitik.
Zehaztasunak: "Behar adina jende izanez gero, autobusa antolatuko litzateke. Bazkaria norberak eramanda. Animatu, familiarekin, lagunekin,... edo bakarrik. Atxorrotz mendi tontorrak (Eskoriatza) gaztelu baten aztarnak gordetzen ditu, arrano kabi bat balitz bezala. Lekuaren garaierak irudi ikaragarriak eskaintzen dizkigu. Gaztelu nafarrak bertatik zaintzen du Gipuzkoara sartzeko bidea. Handik sartu ziren gaztelarrak".
Izen ematea: 650 19 59 41 (Jexux).
Antolatzailea: Nafartarrak.