Ingemarren inguruan erdietsitako akordioaren duintasuna defendatu dute langileek eta Udalak

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 11a, 11:45

Udan akordioa erdietsi zuten Ingemarren. Enpresako zuzendaritzak Usurbilgo lantegia ez du itxiko, nahiz bertan lan egingo dutenen kopurua jaitsiko den. 34 lanpostu mantenduko ditu Ingemarrek, orain artekoaren erdia. Ingemarreko langileen ordezkariek berriki Usurbilgo Udalarekin egindako bilkuran ziotenez, “akordio hau lortu badugu, langileon, Usurbilgo udalaren eta usurbildarren presioari esker izan da. Ez da guk desio genuen akordioa izan langileen erdia kalera doalako, baina esan dezakegu akordio duin bat lortu dugula, eta horrek ahalbidetuko digula lanean jarraitzea. Duela hilabete batzuk genituen aurreikuspenak hobetu dira, eta hori ez da gutxi”.

Xabier Arregi alkatearen ustez, “langileek batasunetik ondo kudeatzen jakin duten gatazka luze zein mingarria izan da hau, eta hori oso goraipatzekoa da. Guretzat ere garrantzitsua da enpresa hori herrian geratzea, eta genituen aurreikuspenak ikusita, garaipentzat hartu dezakegu, langileen erdiak lanean jarraituko duelako baldintza duin batzuetan”.

Enplegu gehiago sortzea erronka

Aipatu moduan, zabalik segiko du lantegiak. "Akordioaren arabera plantillako erdiari baja pizgarridunak, ez-traumatikoak, emango zaizkio (30 egun lan egindako urte bakoitzeko), eta pertsonaleko gainerakoentzat, lan-baldintzak aldatu gabe, industria-proiektu bat geratuko da, makinerian eta produktuan egin beharreko inbertsioak zehazturik utzita", zioten ELA sindikatutik, Ingemarren akordioa erdietsi zela berri eman zutenean.

Akordioak bi helburu ditu aipatu sindikatuaren esanetan, "industria-proiektu bat finkatzea eta kaleratze traumatikorik ez gertatzea". Urrats berri hau eman den arren, hemen ez da amaitzen orain arte bideratu duten borroka. "Usurbilen enplegu gehiago sortzeko industria-proiektu baten aldeko borroka ez da bukatu".

Urte luzez borrokatu dira Ingemarreko langileak, Usurbilgo planta ixtearen aurka, eta haien lan baldintza eta lanpostuen alde. Gogoan izan, hartzekodunen lehiaketan zen Ingemar. Ekainean zuzendaritzak lan talde osoa, 70 langile kaleratzeko EEE bat aurkeztu zuen. "Kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu zen. Hala ere, eta presio sindikal eta juridikoaren ondorioz, negoziazio-bide berriak urratu ziren, eta azkenean akordioa lortu da", zioten ELA sindikatutik. 

Irudia: Usurbilgo Udala.

Ingemarreko langileen despedida

Lantegia irekita mantentzeko gogotik borroka egin dute ia hamarkada luze batez, duela aste gutxi akordioa erdietsi zuten arte. Eta akordioarekin agurtzeko ordua heldu da. Ondoko irudian dituzue, Ingemarreko langileek berriki Saizar Sagardotegian egin zuten bazkaria. Despedidakoa. Ia hamarkada luzez borrokan bidelagun izan direnen arteko lagun arteko agur argazkia. Iraila erdialdera erdietsitako akordioaren arabera, Ingemar zabalik mantenduko dute, orain arteko lanpostuen erdiekin, 34 langilerekin. Irudiak: Ingemarreko langileak.