Usurbilgo Udaleko udalbatzarrak irailaren 26ko osoko bilkuran aho batez onartutako Eguneko Arreta Zerbitzuaren araudia jendaurrean ikusgai izango da bihartik, 30 eguneko tartean, "edonork ikus dezan egoki irizten diren erreklamazioak aurkeztu ahal izateko". Tarte honetan erreklamaziorik ez balego, araudia behin betiko onartutzat joko da.
Eguneko Arreta Zerbitzu berri honen kudeaketa eredua eta funtzionatzeko modua zehazten duen araudia hasieraz eta aho batez onartu zuen udalbatzak iraileko udal osoko bilkuran.
Araudi honen inguruan gizarte ongizatzeko zinegotzi Jone Urdanpilletak aipatu osoko bilkuran zioenez, asteotan zerbitzu honen erabiltzaile potentzialak izan daitezkeenak identifikatu nahi dituzte. Eguneko Arreta Zerbitzua azaroa aldera jarri asmo dute martxan.
EGUNEKO ARRETA ZERBITZU BERRIA
Helburua
"Mendetasun-arriskuan edo mendetasun egoeran dauden adinekoei autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen laguntzea, isolamendu-egoerak konpentsatuz, behar izanez gero".
Hartzaileak
-Mendetasun-arriskuan edo mendetasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako adinekoak dira.
-Usurbilen erroldatuak.
-Pertsonak duen arreta pertsonalizatutako planak eguneko arreta bezalako zerbitzuak dituen beharrei erantzuten dela ikusten dienean, gizarte-zerbitzuen onespenarekin.
Zerbitzuaren ezaugarri nagusiak
-Hiru ordu goizez, astelehenetik ostiralera, Udalak izendatutako aretoan.
-Talde bakoitza 6-12 kide artekoa.
-Hezitzaile-dinamizatzaile bat egongo da.
-"Erabiltzaileek ekintza zein ariketa ezberdinak egingo dituzte beren gaitasunen arabera. Gainera, aipatutako pertsonak beren ohiko bizitokian egon ahal izatea ahalbidetu eta beren sozializazioa bermatzen saiatuko da, izan daitezkeen isolamendu egoerak leunduz".
Hurrengo urratsak
Irailaren 26ko osoko bilkuran Eguneko Arreta Zerbitzuaren araudia hasieraz onartu ostean:
-Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu du gaur (urriak 11). Bihartik zenbatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea egongo da. Erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, behin betiko onartutzat joko da.
-Hurrengo asteotan erabiltzaile potentzialak identifikatu asmo ditu Udalak.
-Eguneko Arreta Zerbitzua azaroan abiatu asmo du Udalak.