Usurbildar guztien bilgune izan nahi duen urriaren 22ko Mundualdia jaialdiak badu hitzordu hau iragarriko duen kartela. Diseinua hautatzeko gogoan izan lehiaketa publikoa deitu zuela Usurbilgo Udalak. Txapelketara aurkezturiko lanen artean, epaimahaiak Haira Rivero Arrietarena hautatu du. Ondoko irudian duzue lehiaketako txapelduna, sarituriko diseinu lana esku artean duela. Zorionak!
Zati ezberdinez osaturiko herriez eta herri ezberdin eta koloretsuez osaturiko mundu mapa bat irudikatu du Hairak, bere kartelean. "Zati ezberdinekin osatu nahi nuen kartela. Ez nekien argazkietatik egin edo ez. Argazkiena bisualegia iruditzen zitzaidan. Ez nuen pertsona bat edo inoren aurpegia jarri nahi, azkenerako pertsona asko baikara. Grafikoagoa egin nahi nuen, ikusitakoaren esanahia momentuan bertan ulertzeko. Kolore desberdinak txertatu ditut desberdinak garelako, eta zatiak baita, batzuk handiagoak besteak txikiagoak arrazoi beragatik", adierazi dio NOAUA!ri.
Lehiaketa honetarako egin behar izan duen lana gertutik ezagutzen du, barne diseinua ikasten baitabil, datorren urriaren 20ko NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan adierazi duenez.
Mundualdia Usurbilen
Urriak 16-25
“Emakumeak Afganistan” Sutegiko erakusketa gelan. Egileak: Gervasio Sanchez eta Mónic Bernabé. Euskal Fondoa.
Ordutegia: Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 17:30-19:30. Larunbatean: 11:30-13:00.
Urriak 20, ostirala
18:00 Garabidek aurkeztutako “Arnasa Txikitxuak” dokumental proiekzioa eta solasaldia dokumentalean aztertzen diren nasa eta kitxua hizkuntza komunitatetako ordezkariekin Potxoenean.
18:00 “Munduko ipuinak” Potxoeneko sotoko gelan, 5 urtetik gorakoentzat, Maite Franko ipuin kontalariarekin.
Urriak 22, igandea: Mundualdia Jaia
Goizez frontoian:
11:30 Alkatearen agurra. Aurkezpena herriko dantzariekin.
12:00 Cultural group taldearen eskutik munduko dantzak.
Ondoren, Asociacion Internacional Union 5 Estrellas taldearen dantzak.
13:00 Jatorri ezberdinetako herritarrek prestatutako jakien dastaketa.
Azaroak 2, osteguna
18:00 Hitzaldia Potxoenean: “Islamofobia gure gizartean”. Hizlaria: Tarana Karim, SOS Arrazakeria.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta hainbat herritar.