"Harriak Hitz" bisita gidatuak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 13a, 09:41

"Harriak Hitz" bisita gidatuen edizio berria antolatu du Usurbilgo Udalak urriaren 14 (euskaraz) eta 15eko (gaztelaniaz) astebururako. Talde kide kopuru mugatu batentzako egongo da lekua bisita gidatuotan. Honenbestez, aurrez izena eman beharra dago bideotatik: 688 818 017 edo info@kultour.pro.

"Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutakoa. Inon baino hobeto islatzen da 60. hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda eta bere ondorena. Altxor ezkutu horiek ezagutarazteko, Harriak Hitz ibilbidea antolatu zen duela hilabete batzuk, eta bertan Dema Plaza, Udarregi bertsolaria, Zumeta, Mikel Laboa edota Tapia eta Artze anaiak barnebiltzen dira. Orain,berriz, beste aurrerapauso bat da".

App berria

Usurbilek ere app edo aplikazio propioa du. Usurbilgo Udalak Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean sortutako "AdiUsurbil" (aplikazioa bilatzailean aurkitzeko izena dena segidan idatzi, tarterik utzi gabe). Udalerria ezagutzera ematea du helburu nagusi, "bere ondare kulturalari, zein turistikoari erreparatuz, besteak beste". 

Aplikazio berri honek "Harriak Hitz" ibilbidea norbere kabuz egiteko aukera ere eskainiko du. "Ibilbidean bisitatzen diren puntuetan QR kodeak ezarri ditu udalak, eta 'Adi Usurbil' aplikazioaren bitartez kode horiek irakurri eta ibilbidearen ezaugarri eta informazio guztia jasoko da puntuz puntu. Modu horretan, noizean behin egiten diren bisita gidatuez gain, nahi duen edonork aplikazioa dohain jaitsi eta bere kabuz egin ahalko du ibilbidea", ohartarazi du Udalak.