Galizako eta Asturiasko suteen kea eta erre usaina guganaino heldu dira

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 16a, 16:55

Abisu horian ginen atzo gauetik haize bolada gogorrengatik eta baso-sute arriskuagatik. Bi abisuok indargabetu dituztenean, kezka eragin du arratsaldeko lehen orduetan usaindu zitekeen erre usaina eta ikus zitekeen kea. Sinesgaitza badirudi ere, Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuek, SOS Deiak-ek argitu du zalantza. "Kea nabaritzen bada Galiza eta Asturiasko suteetatik dator. Jarraipena egiten. Arazorik ez". Euskadiko Suhiltzaileek ere herri dezentetatik telefono deiak jaso dituztela berri eman dute. Baina sare sozialen bidez, lasai egoteko deia egin dute. Egoeraren inguruko jarraipena egiten ari dira. Arratsalde parterako giroak hobetzera egin du eta itxuraz behintzat desagertu da kea eta erre usaina. Pentsa ze tamainatako suteak izaten ari diren Portugal, Galiza eta Asturias aldean.

Istripu arina

Goizeko lehen orduan, N-634 errepide paretik igaro garenean, Troia inguruan bi ibilgailuren arteko istripu arina izan dela ikusi ahal izan dugu. Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak bertan ziren 08:30ak alderako. Pertsona bat anbulatoriora eraman dute zaurituta.

IRAGARPENA

Urriak 16, astelehena

"Hego haizeak bazterrak berotzen jarraituko du. Ebro ibarrean egunsentiko behe-lainoari kostako zaio altxatzea, eta aldiz gainerako lekuetan zerua urdin agertuko da goizean goizetik. Haizea goizean baretuz joango bada ere, eguneko tenperatura altuenak uda beteko balioetan mugituko dira. Alabaina, arratsaldeko lehen orduetan, kostaldetik hasita haizea ipar-mendebaldera aldatuko da eta mendebaldeko eskualdeetatik hasita hodeiak ugarituz joango dira, bereziki Bizkaian. Arratsaldeak aurrera egin ahala iparraldeko haize leuna barnealdera sartuz joango da".

Urriak 17, asteartea

"Hodeiak ugarituz joango dira arratsaldean. Ordura arte, egunsentiko behe-lainoak desegin ostean, zerua urdin agertuko da oro har eta hego haizea ibiliko da, boladaka zakar haizeguneetan. Tenperaturan gora-behera handirik ez da izango eta 25-26 ºC-ren bueltan geldituko dira altuenak. Arratsaldean, hodeiak ugarituz joango dira, giroa moteldu eta han-hemenka zaparrada txiki batzuk botako ditu".

Urriak 18, asteazkena

"Zerua hodeitsu eta tenperatura beherago. Goizean goizetik hodeiak nagusituko dira eta gainera, noizbehinka euri zarrasta batzuk botako ditu; bustitzeko aukera handiagoa izango da barnealdean. Haizeak hego/hego-mendebaldetik joko du, bolada oso gogorrekin haizeguneetan, batez ere arratsaldetik aurrera. Tenperatura jaitsi egingo da eta beroenak 19-23 ºC-ren bueltan geratuko dira".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus