Afganistango emakumeen errealitatea erretratatuko duen erakusketa zabalduko dute astelehen honetan, urriaren 16an Sutegin. Urriaren 22an ospatuko den Mundualdia jaialdiari begira antolatu dute Usurbilgo Udalak eta herritar talde batek argazki erakusketa hau.
Afganistanen Giza Eskubideen aldeko Elkartearen (ASDHA) proiektu bat da Emakumeak. Afganistan, eta Bartzelonako Udalak finantzatu du. Euskal Fondoak erakusketaren adaptazio bat ekoitzi du, Euskal Herriko udalerri ezberdinetan egongo dena. Aipatu moduan, gaur hasi eta urriaren 25era arte Usurbilgo Sutegi aretoan.
2009-2014 urte artean ateratako irudi bildumak, Afganistango emakumeek jasaten dituzten diskrimazio egoerak islatzen ditu. Gervasio Sánchez gatazka belikoetan espezializatutako argazkilaria, 2009ko Argazkigintzako Sari Nazionala irabazi zuena, eta Mónica Bernabé, kazetaria eta Afganistango gaietan aditua dira erakusketa honen arduradunak.
Bideoa: Tolosaldea Telebista.
Mundualdia
Sorterri guztietako herritarrak bildu, eta guztion arteko ezagutza eta hartuemanak sendotzea helburu duen Usurbil Herri Anitza jaialdiaren lekukoa hartuko du aurten, Udala herritar talde batekin urriaren 22rako antolatzen ari diren Mundualdia Usurbilen jaialdiak.
Izena egokitu dute aurtengoan, jaialdiaren izaera egokiago biltzen duelakoan. “Mundua, jaialdia. Denontzako, denok, herri osoak elkarrekin ospatzeko. Guztiok jaialdi horretan murgiltzeko”, Josune Estella zinegotziak aipatu digunez. Ondoko irudian ezkerretik hasita, zinegotzia bera, Mundualdian parte hartuko duten Nadia Daudi eta Fatimetu Hamadi sahararrak eta hitzordua iragartzeko Udalak deitutako kartel diseinu lehiaketako txapelduna, Haira Rivero Arrieta.
Urriaren 22ko Mundualdia ez da egun bakarreko jaialdia izango, ziklo modukoa osatu dute aurtengoan. Honatx egitaraua:
Mundualdia Usurbilen
Urriak 16-25
“Emakumeak Afganistan” Sutegiko erakusketa gelan. Egileak: Gervasio Sanchez eta Mónic Bernabé. Euskal Fondoa.
Ordutegia: Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 17:30-19:30. Larunbatean: 11:30-13:00.
Urriak 20, ostirala
18:00 Garabidek aurkeztutako “Arnasa Txikitxuak” dokumental proiekzioa eta solasaldia dokumentalean aztertzen diren nasa eta kitxua hizkuntza komunitatetako ordezkariekin Potxoenean.
18:00 “Munduko ipuinak” Potxoeneko sotoko gelan, 5 urtetik gorakoentzat, Maite Franko ipuin kontalariarekin.
Urriak 22, igandea: Mundualdia Jaia
Goizez frontoian:
11:30 Alkatearen agurra. Aurkezpena herriko dantzariekin.
12:00 Cultural group taldearen eskutik munduko dantzak.
Ondoren, Asociacion Internacional Union 5 Estrellas taldearen dantzak.
13:00 Jatorri ezberdinetako herritarrek prestatutako jakien dastaketa.
Azaroak 2, osteguna
18:00 Hitzaldia Potxoenean: “Islamofobia gure gizartean”. Hizlaria: Tarana Karim, SOS Arrazakeria.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta hainbat herritar.