Abenduaren 17an Barakaldoko BEC-en ospatuko den final handirako sarrerak agortu direla berri eman du Bertsozale Elkarteak. Igandean saldu ziren azken sarrerak. Finalerako autobus eta bazkarirako txartelak eta finalaurrekoetako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura ditzakezue. Bestela, Usurbildik gertuen, Hernaniko Kitto tabernan, Donostiako Hontza liburudendan edo Zarauzko Txiki Polit tabernan. Informazio gehiago: bertsozale.eus
Larunbatean Tolosan jokatu zen txapelketako azken final laurdena. Finalaurrekoei begira da txapelketa. Lehen finalaurrekoa urriaren 28an ospatuko da Bastidan. Saio honetan gainera, gai jartzaile lanetan jardungo du Inazio Usarralde aginagarrak.
Bi herritar txapelketan
43 bertsolari lehiatuko dira edizio honetan, 18 gai jartzaileren esanetara jardun beharko dute eta 20 epaile izango dira iragarri diren saio guztien amaieran azken hitza izango dutenak. Antolaketa lanetan bi herritarrek parte hartuko dute. Epaimahaikideen artean izango da Jurgi Fuentes, sortzez mungiarra, egun Usurbilen bizi da. Inazio Usarralde aginagarrak bestalde, lehen finalaurreko saioa aurkeztuko du, gai jartzaile lanetan arituko da urriaren 28an Bastidan. Txapelketak badu Usurbilekiko beste lotura bat ere. Antolakuntzak jakinarazi duenez, Bertsozale Elkarteak finalerako autobus zerbitzua Aizpurua Autobusak enpresakoen bidez eskainiko du.
TXAPELKETAREN FASEAK
Hasiera: irailaren 23an Baigorrin.
Amaiera: abenduaren 17an, Barakaldoko BEC-en.
Saioen egutegia:
Finalaurrekoen lehen itzulia
-Urriak 28: Bastida. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Igor Elortza Aranoa, Sustrai Colina Acordarrementeria. Aurkezlea: Inazio Usarralde.
-Azaroak 1: Irun. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Aitor Sarriegi Galparsoro eta Maialen Lujanbio Zugasti.
-Azaroak 4: Maule-Lextarre. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Beñat Gaztelumendi Arandia.
-Azaroak 12: Durango. Parte hartzea ziurtatua dutenak: Aitor Mendiluze Gonzalez.
Finalaurrekoen bigarren itzulia
-Azaroak 19: Amurrio.
-Azaroak 26: Donibane Lohitzune.
-Abenduak 2: Iruñea.
Finala
-Abenduak 17: Barakaldoko BEC-en. Goizeko saioa 11:00etan hasita, arratsaldekoa 16:30etatik aurrera.
Informazio gehiago: bertsozale.eus
Antolatzailea: Bertsozale Elkartea.