Aitzaga Elkarteak osatu du jada, azaroaren 1erako antolatzen ari den 22. Artisautza Azokako postuen eskaintza. NOAUA!ri berri eman diotenez, ia 30 bat artisau bilduko ditu ate joka dugun edizio berriak. Ohi bezala, denetariko artisauak bilduko ditu hitzorduak. Tartean baita, produktu ezberdinak eskuz lantzen dituzten bi herritarren postuak ere. Etxekoen uzta ere beraz, ikusgai eta eskuragarri izango da azaroaren 1ean, goiz eta eguerdi partean frontoian.
Baldintzak
Artisautza Azokan parte hartzeko izen emateko aukera izan zuten interesdunek urriaren 6ra arte. Hainbat arau finkatu zituen antolakuntzak, azaroaren 1eko azokan parte hartu ahal izateko:
-Artisautza lantzea eskatzen da eta lehentasuna izango du.
-Postuetan euskarak bere presentzia izatea eskatzen da.
-Gehienez bi mahairentzako lekua izango da postu bakoitzean.
-Dieta eta hamaiketakoa egongo da (postuan daudenentzat).
-Postu bat baino gehiago jartzen duenak dieta bakarra jasoko du.
-Antolatzaileek postuak aukeratzeko eskumena izango dute.
-Artisautza lantzen duen adierazlea duen agiria kontuan izango da.
-Antolatzailea ez da arduratuko bertan gerta daitezkeen ezbeharretaz.