Garraio zerbitzu publikoen murrizketen aurkako alegazio bilketa, urriaren 23ra arte

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 16a, 11:19

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako garraio zerbitzu publikoen murrizketen aurka alegazioak aurkezten ari dira herritarrak. Usurbilen nahiz Zubietan eskura ditzakezue alegazio orriok, albiste honetan beherago duzue baita orria. Inprimatu edo eskuratu, datu pertsonalekin bete eta aurkezteko bide ezberdinak dituzue. Segidan dituzue xehetasunak.

Urriaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak garraio zerbitzu publikoak murrizteko asmoa erakusten duen aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea urriaren 23ra arte luzatu zuen, "nahi duten pertsona eta entitate guztiek egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten". Usurbilgo Udalak honenbestez, urriaren 23ra arte luzatu du alegazioak aurkezteko epea.

Udaletik ohartarazi digutenez, epe hau luzatzeak ez du esan nahi Aldundiak gaurko murrizketok bertan behera uzteko asmoa duenik, ezta auzia konpondua duenik. Argi diote, eskatzen dutena ez dela alegazio epea luzatzea, baizik eta Aldundiak iragarritako murrizketok bertan behera utzi, gutxienez egungo zerbitzuak mantentzen segi eta gai honi konponbide adostu bat ematea. Herritarrak alegazioak aurkezten segitzera animatzen dituzte.

Alegazio aurkezpena

Usurbil

Alegazio orriak non eskuratu: usurbil.eus udal atarian, udaletxean.

Alegazio aurkezpena: ostiral honetan, 18:00-19:30 artean, Usurbilgo EHBilduk plazan jarriko duen mahaian.

Epea: urriak 23.

Zubieta

Alegazio orriak eskuratzeko aukera: Barazarren eta Alamandegin.

Alegazio aurkezpena: Zubietako Herri Batzarraren postontzian.

Alkateen agerraldia

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko garraio publikoen zerbitzuetan hainbat egokitzapen iragarri zituen, irailaren 7an ezagutzera eman zuen aurreproiektuan. Egokitzapenak eta murrizketak ere bai, Andoain, Hernani eta Usurbilgo Udalek salatu dutenez. Murrizketok bertan behera utzi eta gaiari konponbide adostu bat ematea eskatu zuten Donostiako Gipuzkoa plazan, Diputazio aurrean urriaren 4an.

Aldundiak aurreproiektu hau herritarren eta udalen bizkar, ezer adostu gabe landu duela kritikatu zuten. “Errespetu instituzional falta” egotzi zoin Ana Karrere Andoaingo alkateak Aldundiari. Aurreproiektu honen baitan, hainbat zerbitzuren maiztasuna murriztu eta zenbait zerbitzu bertan behera uzteko asmoa du Aldundiak. Horren berri astebete lehenago modu ez ofizialetik jaso zutela salatu zuten. “Erabili den metodologiak ez digu aukera eman ez udaloi, ezta herritarrei ere, prozesu honetan parte hartzeko aukera”, zioen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

Are gehiago, jakinik herritarrei nabarmen eragingo diotela Aldundiak iragarritako murrizketok. Besteak beste, “ospitalerako autobus zerbitzu batzuk bertan behera geratzen dira eta horrek bete betean eragiten die gizarteko sektore ahulenei”, zioen Arregik. Sentsibilitate handiko gaia, erabiltzaile gehienak gazteak eta emakumeak direla kontuan izanda.

Konponbide adostu eske

Horregatik, aurreproiektu honi alegazioa aurkeztu diote hiru udalok. Eskaera bikoitza luzatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari: “aurreproiektu hori bertan behera uzteko eta inplikatuta gauden udalerrietako ordezkariekin mahai baten inguruan esertzea konponbide adostu bat bilatu ahal izateko”.

Herritarrak ere hitza hartzera animatzen dituzte, alegazioak aurkeztera alegia. Hasiera batean, urriaren 9ra arteko epea zegoen baina aipatu denbora tarte hau amaitzeko egun gutxi falta zirela, urriaren 23ra arte luzatzea erabaki zuen Aldundiak. Epea luzatzeak ordea Aldundiak aurreproiektu hau alboratuko duenik ez duela adierazi nahi ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik, eta horregatik, alegazio epea luzatzea ez, eskatzen dutena murrizketok bertan behera utzi eta auzi hau adostasunez konpontzea dela. Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak alegazioak aurkeztera deitzen dituzte herritarrak. Bideok dituzue:

Murrizketak bi autobus zerbitzuetan

N-1 errepidea baliatzen duten edota Donostia zein Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan eragingo dute Aldundiaren murrizketok. Usurbil inguruari dagokionez, ospitalera doan zerbitzua eten egingo du Aldundiak, kendu alegia. Bertan dira gogoan izan, Usurbil, Aginaga eta Txokoaldeko geltokiak. 

Usurbil Hernanirekin lotzen duten zerbitzuari dagokionez, Zubieta eta Santueneko geltokiak desagertuko dira. Hau da, ez Zubieta ez Santuenetik ere ez da igaroko autobus zerbitzu hau.