Erraustegiaren aurkako autokarabana urriaren 26an, Belartzatik

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 16a, 17:44

Aurreko maiatzean egin zuten moduan, "irteera operazio" berria iragarri du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak urriaren 26rako; erraustegiaren aurkako eta alternatiben aldeko 2. Barraskilo Operazioa. Aipatu moduan, hilabeteko azken ostegunerako iragarri dute hitzordu honen edizio berria. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da autokarabana ekimen hau Belartzatik, Decathloneko errotondatik.

Estreinakoa maiatzean egin zuten, Zubietan antolatu zuten Erraustegiaren Aurkako Egunaren bezperatan. Belartzatik abiatu eta eskualdeko errepideetan barrena ibili ziren, mugimenduak berak Gipuzkoa Zutikekin elkarlanean antolaturiko ekimenean, erraustegiaren aurkako aldarria zabaltzen. 

Oraingoan ekimena indartu asmo dutela iragarri dute. "Badator II. Barraskilo operazioa! Oraingoan berrikuntzarekin, indarra egingo dugu herrietan, nabaria izan dadin gure presentzia", adierazi dute sare sozialen bidez. Ordutegien berri laster emango dutela iragarri duten arren, aurreratu dutenez, "deialdi bereziak egingo ditugu herrietan bizikleta, patin, traktoreekin parte hartzeko. .. Joan prestatzen Lasarte-Oria, Zizurkil, Villlabona, Andoain, Urnieta, Hernani, Añorga eta Antiguoko herritarrak". 

Datozen mobilizazioak

Ugaritzen doaz pixkanaka, erraustegiaren aurkako mobilizazioak. Urriaren 26ko II. Barraskilo Operazioaren aurretik, manifestazioa deitu du Ernaik larunbat honetarako, Andoainen:

Urriak 21, larunbata

12:30 Manifestazioa Andoaingo Goiko Plazatik, “Zuen errautsetan itoko zarete. Erraustegirik ez!” aldarripean. Deitzailea: Ernai.

Urriak 26, osteguna 

18:00 Erraustegiaren aurkako 2. Barraskilo Operazioa Belartzatik, Decathloneko errotondatik.