EAJ-PNV eta PSE-EEko ordezkarien aldeko bozkekin, aurreko legegintzaldian erraustegiko lanak bertan behera utzi zituzten kudeatzaileak auzitara eramatea onartu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) astelehen honetan egin duen asanbladan.
Erraustegia eraikitzeko kontratua etetean, hainbat enpresei kalteordainetan emandako 8,2 milioi euroak bere gain hartu eta diru hori itzultzea eskatuko die GHK-k, Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiari eta GHK-ko Administrazio Kontseiluko kide eta aurreko legegintzaldiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkini.
Kalte ordainetan emandako dirua soilik ez, erabaki horrek izandako eraginen kostua ere bere gain hartzea eskatzen die GHK-k: Inbertsioen Europako Bankuak emandako finantzaketan izandako galera, edota hilero 600.ooo euroko SWAP-ek eragindako gaerak, GHK-tik diotenez.
Demanda berehala jartzekoak dira, horretarako bihar arteko epea omen dute eta, GHK-k berri eman duenez.
Gaurko erabakiaren aurka bozkatu dute EHBilduko ordezkariek. Mendeku bila aritzea leporatu die EAJ eta PSE-EEri. Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin herri mandatua betez jardun dutela adierazi dute, eta epaitegiak interes alderdikoietarako baliatzea egozten die Foru Aldundiko agintariei.
Irudia: GHK.