Urgentziazko elkarretaratzeak deitu ditu gaurko Gure Esku Dago mugimenduak Euskal Herri luze zabaleko herri guztietan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak, bart, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazionaleko Katalaneko presidentea espetxeratzea agindu ostean. "Egoera larri honen aurrean, Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitzen ditu Euskal Herriko herri guztietan #Junts lelopean".
Mobilizazio guztiok astearte arratsalde honetarako deitu dituzte 19:00etan. Usurbilgo lan taldeak ere deialdi honekin bat egin eta elkarretaratzea antolatu du 19:00etan Mikel Laboa plazan, sare sozialen bidez adierazi dutenez, "Jordi Sanchezen (ANC) eta Jordi Cuixarten (Omnium) atxiloketen aurka. Herri borondateari bide emateagatik atxilotzea onartezina delako. Gu beti Kataluniarekin!".
Fidantzarik gabe espetxean
Gogoan izango duzue, irailaren 20an, urriaren 1eko erreferendumari begira Guardia Zibilak eginiko polizia operazio baten baitan 14 lagun atxilotu zituela Katalunian, tartean, Generalitateko hainbat goi kargudun. Milaka herritar irten ziren kalera atxiloketa haiengatik protesta egitera. Bartzelonako 13. Instrukzioko epaileak kontseilaritza hori miatzea agindu zuen egun hartan, eta Guardia Zibila hara heldu zenean milaka lagun bildu ziren eraikinaren kanpoaldean.
Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean eginiko protesta hauen erantzule egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Jordi Cruixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazionaleko Katalaneko presidentea. Guardia Zibilaren kontrako "setioa" sustatzea egotzita, fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri zien bart Carmen Lamela epaileak. Soto del Relaeko espetxera eraman zituzten, epailearen aurrean deklaratu ostean. Atzo baita, Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadren buruak eta Teresa Laplana intendenteak deklaratu zuten. Hauek aske geratu ziren, kautalezko neurrienpean.
Guztiek bigarrenez deklaratu zuen atzo. Urriaren 6an ere Espainiako Auzitegi Nazionalean izan ziren deklaratzen. Sedizio delitua leporatu zieten.