Zubi berriak eraikitzen segi asmoz abiatu du ikasturte berria Errigora ekimenak, Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena eta euskalgintza sustatzen duen egitasmoak. “Ikasturte osoan zehar hartuko dugu patxada eta astia Errigoragile eta Errigorazaleon artean hausnartu eta erabakiak hartzeko. Errigorago joateko amets berri haiek errealitate bihurtzeko ze zubi behar ditugun hausnartu eta marrazteko. Hortik etorriko dira Errigora bera, elkarlan eta erantzukizun konpartituak, erronken neurri eta denborak… berrasmatu eta egokitzeak”, berri eman dute.
%25a euskalgintzara
“Zubigintza” aldarripean datorkigu Errigora, ikasturte honi begirako bi kanpainekin. Udaberri partean, “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina bideratuko du, hau da, oliba olio eta kontserben salmenta kanpaina. Aurretik, udazken honetan, ibilbide luzeena duen “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” izenekoa abiatzera doaz urriaren 26an, produktu eskaintza berrituarekin.
Irabazien %25a Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute. “Lodosa, Tutera eta Vianako ikastolen biziraupenerako, Erriberako AEK indartzeko eta D ereduko lerroak babesteko eta zabaltzeko dinamikak biderkatzeko”.
Baita helburu gehiago betetzeko ere: “Errigorago joateko amets berriak marrazten hasi ginen euskararentzako ere. Euskaldunak sortzeaz gain euskaraz bizitzeko espazioak irabazteko egitasmoak, euskara plazaratzeko eta jarrera baikorrak areagotzeko ekimenak eta euskaltzaleok batera aritu eta harremanak sendotzeko ohiturak abiatzeaz ari ginen. Ideia mamituz doa baina zubiak marraztu behara eskatzen du oraindik. Horretarako ere izango da aurtengo diru-ekarpena”.
Kanpaina abiatzear
25 ekoizleren produktuak dastatzeko aukera izango dugu laster, “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” Errigoraren udazken parteko kanpainari esker, NOAUA! K.E.-k Elkarteak beste behin bat egin baitu ekimen honekin. Otarren eskaerak ere kultur elkarte honen bidez bideratu ahalko dituzue, urriaren 26tik azaroaren 14ra. Ordainketak otarrak jasotzerakoan egin beharko dira, abenduan. Bi produktu kutxa izango dira aukeran; zuria eta beltza. Zuriak berrikuntzak dakartza, beltzak orain arteko produktuak:
-Kutxa zuria: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, ozpina, melokotoia almibarrean, pasta, arroza, pikillo piper mamia, patxaran pastak, molineritoak, tomatea olioarekin eta teilak.
-Kutxa beltza: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, ozpina, melokotoia almibarrean, potxak, aran marmelada, mahats zukua, almendrak, oliba olioa, pikillo saltsa, kardoa.
Prezioa: 50 euro.
Eskaerak: NOAUA!ren egoitzan, urriaren 26tik azaroaren 14ra.
Informazio gehiago: errigora.eus