Joan den urriaren 12an gazteek ez zutela izan ezer ospatzeko adierazi du Ernai Usurbilek NOAUA!ra helarazi duen idatziaren bidez. Gai honi buruz hausnartu du, ondoko argazkia helaraztearekin batera. Bertan, hainbat etxebizitzetako plaka frankistak ikus daitezke mahai baten gainean. "Franco hil zen, baina erregimena ez. Usurbilen ikur frankistarik ez! Irten gaitezen kalera erregimenarekin haustera eta Euskal Herria independentziaren ortzimugara eramatera. Desobedientziaz, haustura. Independentziara! Aurrera!", adierazi dute idatzi honen bidez:
Franco hil zen, erregimena ez. Urriak 12, gazteok ezer ez ospatzeko!
Urriak 12, hispanitatearen eguna. Espaniar estatuak iragan basatia harrotasunez aldarrikatzeko darabil egun hau.
1492.urtetik aurrera Ameriketan barrena sarraski ugari gauzatu zituen inperio berdinak 1512.urtean Nafarroa menpean hartu zuen indarrez. Ordutik hona, hamaika izan dira gure hizkuntza, kultura eta burujabetza nazionala ezabatzeko egindako ahaleginak. Dena den, urteetan zehar Euskal Herriak bizi nahiaren borrokaz egin dio aurre espainiar inposizioari.
Franco hil osteko erreforma politikoak mendeetako kultura politikoari jarraipena eman zion. Euskal Herri zatikatua, nazio gisa ukatua, autodeterminazio eskubidea debekatua eta eredu neoliberalaren inposizioa izan dira 78ko erregimenak Euskal Herriari eskaini dizkionak. Gatazkaren luzapena, errepresioa eta sufrimendua. Biak ala biak, burgesia erregionalistaren “zipayismo” politikoaren laguntzaz.
Gaur, inoiz baino gehiago, espainiar batasuna auzitan jarriz inposizioan oinarritzen den dominazio sistema osoa ere zalantzan ipintzen da. Justizia sozialaren eta askatasun indibidual eta kolektiboen alde borrokatzen dugunontzat, espainiar inposizioarekin haustea ezinbesteko urratsa da erroko ariketa demokratikoa eman ahal izateko. Horregatik, Euskal Herriak beharrezkoa duen bizi eredua askatasunez erabakitzeko duen eskubidea aitortu gabe, ez dago gatazka politikoa gainditzerik.
Autodeterminazio eskubiderik gabe, eta nazio burujabetzarik gabe, Euskal Herriari ezinezkoa zaio emantzipazio sozialaren alde eta bestelako jendarte eredu baten alde urrats erabakigarriak ematea. Ate guztiak irekitzen dituen giltza da independentzia. Hala, autodeterminazio eskubidearen alde egiten duen egiazko egitasmo bakarra independentziaren aldeko egitasmoa da.
Hispanitatearen eta indar okupatzaileen oldarraldirako eguna da urriaren 12a, egun handia. Euskal gazteriarentzat aldiz, inposizioari aurre egiteko borroka egun bat da. Euskal Herriarentzako prozesu independentista aldarrikatzeko eguna dugu, Kataluniak irekitako bidea bihar Euskal Herriak jorratu dezan.
Katalunian egin bezala, herri desobedientziaz erantzun diezaiogun espainiar inposaketari. Eraiki eta borroka dezagun gure oraina egunez egun, bizirik dagoen Euskal Herrian bizi gaitezen. Franco hil zen, baina erregimena ez. Usurbilen ikur frankistarik ez! Irten gaitezen kalera erregimenarekin haustera eta Euskal Herria independentziaren ortzimugara eramatera. Desobedientziaz, haustura. Independentziara! Aurrera!
Irudia eta idatzia: Ernai Usurbil