Ke isurketen arazoa konpontzeko premiazko eta presazko neurriak eskatu dizkio Udalak Jaurlaritzari

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 17a, 14:17

Iragarri moduan, urte luzez usurbildar askoren kezka iturri izaten ari den ke isurketen gaia hitz egiteko Ingurumen Sailburuorde Elena Morenorekin bildu zen atzo Usurbilgo Udala. "Bileran aditzera eman zaio ke isurketek eragindako egoeraren larritasuna", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Neurriak hartzea exijitu zioten Jaurlaritzako ordezkariari. "Usurbildarron kezka gero eta handiagoa da, eta udalak premiazko eta presazko neurriak eskatu ditu. Bileran ke-isurketa kontrolik gabekoak landu dira bereziki, eta bi puntu nabarmendu dira: batetik, gaur egun teilatuetatik aireratzen diren keak onartezinak eta legez kanpokoak direla, eta, bestetik, tximinietatik ateratzen diren keen kontrola ere areagotu beharra dagoela", nabarmendu dute Udaletik.

Udal iturrien arabera, zenbait konpromiso hartu ditu Jaurlaritzako Sailburuordeak. "Sailburuordeak onartu du gai honetan duten erantzukizuna, eta hitz eman du neurriak hartuko dituztela ez dadin gehiago kerik isuri behar bezala iragazi gabe. Hitz eman du, halaber, laster batean jakinaraziko diotela Usurbilgo Udalari zein neurri hartuko dituzten. Bien bitartean, Udala ari da enpresa behartzen konponbideak martxan jar ditzan", berri eman du Udalak.

"Arazo honek Eusko Jaurlaritzaren irterbentzio zuzena eskatzen du"

Egin ahalak egin arren, arazo hau kudeatzeko duten eskumen faltaz jabetuta, beste erakundeetara jo behar izan duela aipatzen zuen atzoko bilera aurretik Usurbilgo Udalak; Jaurlaritzara oraingoan. “Gure eskuetan genuen guztia egin dugu Usurbilen ke-isurketak kontrolatzeko, baina egiaztatu dugu Udalak ez duela gai horrekiko eskumen handirik. Hori dela eta, benetan egoera geldiarazteko eskumena daukan erakundearengana jo dugu askotan, arazoari irtenbide bat eman nahian. Oraingoan bilera bat izango dugu Gasteizen, eta bertan Udalak zein herritarrek dituzten kezkak mahaigaineratuko ditugu. Arazo honek Eusko Jaurlaritzaren irterbentzio zuzena eskatzen du, eta hain justu hori nabarmenduko diegu”, adierazi du Xabier Arregi alkateak.

Udalak ohar bidez gaineratzenn zuenez, "Udalaren eskaera jarraituen ostean, enpresak labe berria jarri behar izan zuen 2014ean, eta tarte honetan udalaren asmoa izan da labe zaharra behin betiko ixtea eta ke-erauzgailu berria jartzea. Negoziaketa luzeen ondoren aurrerapausorik ez zegoela ikusita, udalak elkarrizketak eten egin zituen uda aurretik. Udalak behin eta berriz ohartarazi dio Eusko Jaurlaritzari egoeraren larritasunaz, beren interbentzioa eskatuz eta udalaren inplikazioa eta laguntza eskainiz. Bien bitartean, enpresari hirigintza arloko zigor-espedientea ireki zion ekainean".