Urte luzez hutsik zegoen Zubieta gaineko zuloa hormigoiez betetzen hasiak dira. Bertara hurbildu bazarete ikusiko zenuten, udaz geroztik garabiez betetzen joan dela erraustegia eraiki nahi duten eremua. Etenik gabe dabiltza lanean, gau eta egun, egutegian gorriz ageri zaizkigun jai egun ofizialetan baita.
Bertara gerturatu ahala dagoen mugimenduaz ohartarazten gaituzten hainbat kartel jarri dituzte, lau hizkuntzetan, euskaraz, erdaraz, ingelesez eta frantsesez. “Kontuz lanak inguruan! Ez irten markaturiko bidetik”, diote. Hesitua dute ingurua.
Gogoan izan, erraustegia eta harekin batera eraikiko diren gainerako azpiegiturak, 2019rako eraikiak eta martxan jarri asmo dituzte.
Datozen mobilizazioak
Udazken parte honetarako, erraustegiaren aurkako lehen mobilizazioak deitu dituzte:
-Urriak 21, larunbata: 12:30 Manifestazioa Ernaik deituta Andoaingo Goiko Plazatik, “Zuen errautsetan itoko zarete. Erraustegirik ez!” aldarripean.
-Urriak 26, osteguna: 18:00 Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako 2. Barraskilo Operazioa Belartzatik, Decathloneko errotonda aurretik.