Elkartasuna adierazi diete erraustegia geratzeagatik auzitara eraman nahi dituzten Gipuzkoako kudeatzaile ohiei

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 19a, 13:00

Irudi historikoa duzue ondokoa. 2013ko azaroaren 13koa. Garai hartako Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) eta Zubietako errauste planta eraiki asmo zuten enpresa taldea biltzen duen UTE Gipuzkoa CGR elkarri eskua emanda. Urte luzez milaka gipuzkoarrek eskatutakoari bidea ematea, erraustegiko lanak bertan behera uztea adostu zuten. Lau urte beranduago argazki horren albo banatan dituzuen ordezkari politikoak, garai hartako GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin auzitara eramatea erabaki du egungo GHK-k.

Hala erabaki zuten aste hasieran erakunde horretako EAJ-PNV eta PSE-EEko ordezkariek.  Aurreko legegintzaldian erraustegiko lanak bertan behera utzi zituzten kudeatzaileak auzitara eramatea onartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) astelehenean egin zuen asanbladan. EHBilduko ordezkariek aurka bozkatu zuten.

Erraustegia eraikitzeko kontratua etetean, hainbat enpresei kalteordainetan emandako 8,2 milioi euroak bere gain hartu eta diru hori itzultzea eskatuko die GHK-k, Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiari eta GHK-ko Administrazio Kontseiluko kide eta aurreko legegintzaldiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkini.

Kalte ordainetan emandako dirua soilik ez, erabaki horrek izandako eraginen kostua ere bere gain hartzea eskatzen die GHK-k: Inbertsioen Europako Bankuak emandako finantzaketan izandako galera, edota hilero 600.ooo euroko SWAP-ek eragindako gaerak, GHK-tik diotenez. Demanda berehala jartzekoak ziren.

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: "Herritarren hautua bete zenuten"

Auzitara eraman asmo ditutzen ordezkari politikoei elkartasuna adierazi die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Lerro hauek baliatu nahi ditugu mugimenduaren babesa, maitasuna eta sustengua adierazteko Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Herritarren hautua bete zenuten, erabaki zuzena hartu zenuten eta gainera adostutako indemnizazioak ordaindu ziren, legeak eskatzen zuen bezela. Lurraldeari dirutza aurreztu zenioten gaindimentsionatuta zegoen proiektua atzera botaz, osasuna bermatu zenuten, eskerrak ematen dizkizuegu horregatik".

Gertaera hau tarteko, "herritarrak deitzen ditugu indar eta adore haundiagoz II. Barraskilo Operazioan parte hartzera, baita etorkizunean etorriko diren mobilizazioetan ere". Urriaren 26rako 2. Barraskilo Operazioa deitu dute. 18:00etan Belartzatik, Decathloneko errotondatik abiatuko den autokarana ekimena.

EHBildu: "Kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten"

Koalizioaren ustez, GHK-k astelehenean hartutako erabakiarekin EAJ eta PSE alderdiek zuzentzen duten foru gobernuak "bide oso larria hartu du, gehiengo demokratikoetan oinarritzen diren erabakiak errespetatu ez dituelako eta konfrontazioaren bidean sakontzen ari delako".

Horren aurrean, akordioa eta elkarrizketaren alde egitea eskatu du EHBilduk, babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera aurreko legealdian erraustegia gelditzea erabaki zuten agintariei. Koalizioatik adierazi dutenez, 

kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, “herri mandatua betez, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan. Legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez. Horregatik, EH Bilduren babes osoa dute, egindako lana ondo egin zutelako, arduraz, gardentasunez, legitimitate osoarekin eta legearen barruan”.

Eta gainera dirua aurreztu zela gaineratu zuten. Horregatik diotenez, "salaketak ez du oinarririk. Mendeku politikoa eta interes elektorala bilatzen ari dira”. Gogorarazi dutenez, “erakunde publikoak herritarren eskubideak eta interesak defendatzeko daudela. Agintariak gehiengoak eta gutxiengoak errespetatu eta defendatzeko daude eta ez euren karguak bestelako helburuetarako erabiltzeko”.