"10 lanordu baino gehiago egunean, soldatak Gipuzkoako Hitzarmenean ezarritakotik %50 beherago, prekarietatea, iruzurra, lan-istripu ugariak, enplegu-suntsipena... Baina, agian, larriena zera da: herri-erakundeen “asmo txarreko” axolagabekeria, eta patronalen (Adegi eta Ascongi) borondaterik eza egoera larri hori iraultzeko".
Hitz hauekin deskribatu du ELA sindikatuak ostegun honetan egin duen agerraldi batean, Gipuzkoako eraikuntza sektoreko langileak pairatzen ari diren egoera. Larritzat jo duten egoera hau Gipuzkoan abian diren bost proiektu nagusietan modu argian islatzen dela diote: Txomin Enea, Deskarga, Anoeta, errauskailuko eta AHT-ren obretan. “Obra bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina alderdi asko berdinak dira. Prekarietatea erabatekoa da. Langileek 5 eta 9 euro bitartean kobratzen dute lanorduko, askotan probintzia-hitzarmenean ezarritakoa baino %50 gutxiago. Lanaldiak gehiegizkoak dira –10/12 ordu egunean–, eta gehienetan, opor-eskubiderik gabe, dietarik gabe, ordainsaririk gabe, aldi baterako ezintasunaren bajarik gabe...".
Obra-lizitazio guztiak langileen esplotazioan oinarritzen direla salatu dute. "Administrazioek obrak esleitzerakoan jakin badakite enpresa horiek den-dena azpikontratatuko dutela, iruzurrezko baldintza prekarioetan. Herri-erakunde horien lehentasuna albait azkarren bukatzea da, inaugurazioko xingola mozteko, nahiz eta, horretarako, milaka langilek morrontza-baldintzetan lan egin behar izan”.
Egoera honen aurrean, langileon egoera hobetzeko salaketak eta mobilizazioak ugarituko dituztela iragarri du ELAk. Eta egoera ez bada hobetzen, ez dute baztertzen Gipuzkoako aipatu proiektu nagusiotako "obrak geldiaraztea". “Bada garaia beste pauso bat emateko gure salaketa-bidean. Bilerak eta agerraldiak eskatuko ditugu administrazio nagusietan –Donostiako Udalean, Gipuzkoako Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan–; salatutako enpresa eta azpikontrata guztiek Lan Harremanen Kontseiluan agerraldia egin dezatela eskatu dugu; gure mobilizazioak eta salaketak areagotuko ditugu... Ez dugu baztertzen obrak geldiaraztea. Bilera- eta biltzar-prozesu bati hasiera emango diogu, sektorerako borroka-eredua eta greba-aukerak eztabaidatzeko. Argi dugun gauza bakarra da ez garela geldituko gure helburua lortu arte”.
Obra handiotan Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmena errespetatuko balitz, 5.000 lanpostu inguru sortuko liratekeela dio ELAk.
Irudia: ELA.