LAB: "Kalitatezko garraio zerbitzua emateko, lan baldintzek ere duinak izan behar dute"

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 19a, 18:51

LABek elkarretaratzea egin zuen atzokoan Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Plazan  duen egoitzaren aurrean. Garraio publikoaren antolamenduan aldaketak aurreikusi dira Bruntzaldean eta Tolosaldean eta balizko murrizketen aurrean, LABek zerbitzu duin eta kalitatezko bat aldarrikatzen du.

"Buruntzalderako emakida berriaren aurreproiektua aurkeztu zuen irailaren 8an Foru Aldundiak", LABek prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez. "Gure iritziz onartezinak diren emakidak dira. Murrizketak hainbat zerbitzutan, ibilbideen denbora edo ratioak errealitatea kontuan hartu gabe eginak izatea, hainbat geldialdiren ezabatzea, langileon etorkizuna airean, balizko lanpostuen galera aurreikusten delarik, eta gure eta bidaiarien zerbitzuak eta segurtasuna arriskuan".

Idatzi horretan diotenez, "autobus gidariok, egiazki, herritarrei zerbitzu duin eta kalitatezkoa eman nahi diegu, baina hori langileok lan baldintza duinak izatetik igarotzen da. Eta horixe bera aldarrikatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere".