Igande honetan (urriak 22) ospatuko den Mundualdia iragartzeko Usurbilgo Udalak antolaturiko kartel diseinu lehiaketa irabazi du Haira Rivero Arrietak. Herritar desberdinez osaturiko mundu koloretsua irudikatu nahi izan du, urriaren 22ko jaialdia iragarriko duen euskarrian. Berarekin bildu da NOAUA!
Zati eta kolore ezberdinez osaturiko mundu mapa irudikatu nahi izan duzu. Izenburua ezinhobeto azaltzen duena.
Haira Rivero Arrieta: Zati ezberdinekin osatu nahi nuen kartela. Ez nekien argazkietatik egin edo ez. Argazkiena bisualegia iruditzen zitzaidan. Ez nuen pertsona bat edo inoren aurpegia jarri nahi, azkenerako pertsona asko baikara. Grafikoagoa egin nahi nuen, ikusitakoaren esanahia momentuan bertan ulertzeko. Kolore desberdinak txertatu ditut hala garelako, eta zatiak baita, batzuk handiagoak besteak txikiagoak arrazoi beragatik.
Lehiaketa honetan parte hartzera animatu zinen, diseinu munduarekin loturaren bat duzulako?
Barne diseinua ikasten dut, beti izan ditut gustuko diseinu munduko eremu guztiak. Diseinu grafikoan ere aritu izan naiz. Lehiaketaren berri izan eta animatzea erabaki nuen. Ideia sortu zitzaidan, irabazteko esperantzarik gabe. Ez nuen txapelketa irabazi nuen telefono deia espero.
Halako lehiaketetan parte hartu izan duzu?
Unibertsitatean diseinu grafikoko lanak egin izan ditut baina lehiaketa batean parte hartzen dudan lehenengo aldia da.
Diseinu mundua oso zabala da. Barne diseinua ikasten zabiltza, zehazki zer nolako ikasketak dira?
Barne diseinua, egitura ukitzen ez duen arkitektoa da, baina diseinuan gehiago sakonduta. Espazio bat hartzen duzu eta espazio hori aldatu behar duzu, egitura ukitu gabe.
Irudia hain garrantzitsua den garai honetan halako euskarriek laguntzen dute jendearengana heltzen ezta?Barne diseinuan ere diseinu grafikoa sartzen da. Diseinuaren esparru guztiak ukitu behar dira benetan ezagutzeko eta herrira zabaltzeko zure lana, zergatik ez.
Etenik gabe aldatzen ari den eremua izango da ezta?
Bai eta modan ari da jartzen. Orain lokal askok nahi dute. Jendea barne diseinuak duen garrantziaz jabetzen ari da. Duela 50 urte egin zen lokal bat ikusten baduzu, eta duela bi urtekoa, ziurrenik diseinua benetan kontuan izan duenak gehiago deituko dizu atentzioa.
Kartelak Mundualdia iragarriko du. Parte hartuko duzu?
Aurten agertuko naiz. Festa polita iruditzen zait.
Mundualdia, ekitaldi zikloa
Urriak 16-25
“Emakumeak Afganistan” Sutegiko erakusketa gelan. Egileak: Gervasio Sanchez eta Mónic Bernabé. Euskal Fondoa.
Ordutegia: astetartean arratsaldez zabalik. Larunbat eta igande goizez baita.
Urriak 20, ostirala
18:00 Garabidek aurkeztutako “Arnasa Txikitxuak” dokumental proiekzioa eta solasaldia dokumentalean aztertzen diren nasa eta kitxua hizkuntza komunitatetako ordezkariekin Potxoenean.
18:00 “Munduko ipuinak” Potxoeneko sotoko gelan, 5 urtetik gorakoentzat, Maite Franko ipuin kontalariarekin.
Urriak 22, igandea: Mundualdia Jaia
Goizez frontoian:
11:30 Alkatearen agurra. Aurkezpena herriko dantzariekin.
12:00 Cultural group taldearen eskutik munduko dantzak.
Ondoren, Asociacion Internacional Union 5 Estrellas taldearen dantzak.
13:00 Jatorri ezberdinetako herritarrek prestatutako jakien dastaketa.
Azaroak 2, osteguna
18:00 Hitzaldia Potxoenean: “Islamofobia gure gizartean”. Hizlaria: Tarana Karim, SOS Arrazakeria.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta hainbat herritar.