Duela urtebete, urte garai honetan berri eman zuen Lasarte-Oriako Aire Garbia Herri Plataformak, goi-tentsioko linea eraiki nahi zuela Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erraustegia sare elektrikora lotzeko. Dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarekin aldez aurretikako kontsultak abian omen zituela GHK-k, berri eman zuen erraustegiaren aurkako Lasarte-Oriako herri plataformak.
Urrats berri bat eman du GHK-k. Ostegun honetako, urriaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) irakurri dugu. "L132 Hernani-Azpeitia 1 eta 2 lineen Zubietako Azpiestaziora deribazioa egiteko zirkuitu bikoitzeko 132 kv-ko linearen lizitaziorako deialdia" iragarri du aipatu kontsortzioak GAO-n. "L132 Hernani-Azpeitia 1 eta 2 Lineen Zubietako Azpiestaziora deribazioa egiteko zirkuitu bikoitzeko 132 kv-ko linearen proiektua, ingeniaritza xehatua, fabrikazioa, muntaia, martxan jartzea eta legeztatzea egitea" litzateke deialdi honen xedea.
Kontratua gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da, kontratua formalizatzen denetik aurrera. Tramitazioa ohizkoa izango omen da, eta prozedura irekia. Lehiaketa honetarako, 2.150.042,85 euroko aurrekontua (BEZ-a kontuan izan gabe) iragarri du GHK-k.
Lizitazio honetarako eskaintzak gaurtik aurkez ditzakete interesdunek, 30 egun naturaleko epean, GHK-k Hernaniko Ibaiondo industrialdean (27, Orbegozo eraikina, 3. solaria) duen egoitzan. Xehetasun gehiagorako komunikazio bideok ezarri dituzte baita:
Telefonoa: 943.504.950.
Faxa: 943.504.949.
licitaciones@ghk.eus.
Duela urtebete Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak berri ematen zuenez, "Linea berria, 132 kV-koa, erraustegian bertan hasi eta sare nagusiarekin Urnietan lotuko litzateke, Elutsetako Arkaitzen inguruan. Guztira, 5 kilometro, Zubieta, Lasarte-Oria (batez ere), Andoain (zati txiki batean) eta Urnietan barrena. Desjabetzeak ere aurreikusten dituen proiektu honek 8 milioi euroko aurrekontua du. GHK-k berak % 60 ordainduko luke eta Donostiako Udalak % 40. Linea hau garrantzitsua da erraustegirako, eta, Aire Garbiaren iritziz, horren berri ematea ere garrantzitsua da, batez ere proiektu honekin zerikusia duen guztia isilean tramitatzen saiatzen ari direla kontuan izanik".
Irudiak: Aire Garbia.