Gaurtik abian du gripearen txertaketa kanpaina Osakidetzak, abenduaren 23ra arte luzatuko dena. Txertoa hartzeko aukera izango da osasun zentro guztietan, tartean noski, Usurbilgo anbulatorioan. 400.000 txerto jarri ditu Eusko Jaurlaritzak herritarren esku, 1,2 milioi euro inbertitu dira. Kopuru hori handitu liteke, beharra egongo balitz.
Orain artean bezala, deialdia bereziki arrisku taldeei zuzendua dago; hau da, 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdun dauden emakumeei eta osasun arloko langileei. Estreinakoz ordea, kanpaina euskal gizarte osoari zuzendua egongo da. Modu honetan, gripeari aurre egiteko dugun prebentzio-neurri komunitario nagusia txertoa dugula gogorarazten du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Txertoa hartzeko aurrez hitzordua eskatu anbulatorioan edo bertara deituta; 943 36 20 13.
Odol ematea
Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak deitutako datorren saioa, azaroaren 6an. Ohiko ordu eta lekuan; 18:00-20:30 artean Usurbilgo anbulatorioan.