Eta erabakitakoaren emaitza oso argia izan zen. Erraustegia egitea nahi ote zuten galdetu zitzaien usurbildar eta zubietarrei. "Ezezko borobila eman dio herri honek erraustegiari", zioen galdeketako antolatzaile Erraustegia Erabakia Herri Plataformako kideek, 2016ko urriaren 23an, bozkatzeko epea itxi eta zenbaketa amaitu ostean, asteburuan zehar egin den galdeketako emaitzak frontoian aurkezterakoan. Ez zen gutxiagorako izan. Bozka eman zuten usurbildar eta zubietarren %97,9ak ezezko borobila eman baitzion erraustegiari. Aipatzeko beste datua, parte hartzearena; Zubietakoa %64,7koa izatera heldu da. Usurbil osoan %43,6koa.
Datuok eskutan, pozarren agertu zen Erraustegia Erabakia Herri Plataforma. "Erraustegia Erabakia plataformak oso era positiboan baloratu du asteburu honetan Usurbil eta Zubietan egin den galdeketa. Lehenik eta behin, % 43,6 partaidetza lortzea datu arrakastatsua dela deritzogu. Herritar talde batek antolatutako galdeketa izan dela kontuan hartuta –hau da, erakundeetatik at– aurreikusi genezakeen partaidetza eta antzeko ekimenetan ohikoa dena gainditu egin da. Parte hartzearen gaian inguruan eta aurrekoa datu orokorra izanda, aipamen berezia merezi du Zubietako eremuan lortutako markak, bertako erroldaren %64,7koa izatera heldu baita", nabarmendu zuten ohar bidez.
Bilera erronda erakundeekin
Inork uka ezin ditzakeen emaitzak direla azpimarratzen zuten plataformatik, "hemendik aurrera, agintariek aintzat hartu beharko luketena". Horren harira, emaitzok zuzenean azaltzeko hainbat hitzordu eskatu zituzten erakundeekin. "Gipuzkoako Foru Aldundiari, Donostia eta Usurbilgo Udalari eta Batzar Nagusietako talde guztiekin eskatuko ditugu hitzorduak, kezka eta eztabaida maila handia sortu duen erraustegiaren proiektuaren inguruan, Zubieta eta Usurbilgo biztanleen iritzia zein den zuzenean azaltzeko asmoarekin", iragarri zuten.
Herritarrak zoriondu eta galdeketa ahalbidetzen aritu ziren laguntzaile guztien lana eskertu zuten. "Pozik gaude egindako lanarekin eta erabat eskertuta lan hau aurrera ateratzea ahalbidetu duten herritar guztiekin. Lagun asko izan ditugu azken hilabete hauetako ibilbidean eta galdeketa gauzatzea eta modu onean eramatea posible egin duten guztiei ere gure esker berezia adierazi nahi diegu; Berme Batzordearen jardunean eta mahaietan bolondres bezala aritu diren pertsona guztiei, bereziki", adierazi dute.
Behin betiko emaitzak
Parte hartzea:
Usurbilen eta Zubietan: 2.317, %43,6 (Errolda: 5.312)
Zubietan: 244, %64,7. (Errolda: 377).
Erraustegia egitea nahi al duzu?
Usurbil osoan:
Ez: 2.268, %97,9.
Bai: 39, %1,7.
Txuriak: 8.
Baliogabeak: 2.
Zubietan:
Ez: 243, %99,6.
Bai: 1, %0,4.
https://youtu.be/mqoJz_vr3As